Laura Mintegi Idazlea
Zahartzaroaren xarma eta kartzela
Egun batean 75 urte izango ditut, eta seguru asko, nire etxean biziko naiz. Erretiro-pentsio txikia jasoko dut eta nitaz profitatuko dira seme-alabak beraien seme-alabak zain ditzadan. Bakarrik biziko naiz, egoera ekonomikoaren aldetik apur bat estu, beldurra izango diot burua galtzeari eta ez dut bisita askorik jasoko. Ilobak oso noizbehinka hurbilduko dira nirera, semea noiz edo behin, eta alaba sarriago etorriko da. Praktikan, bera izango da nire kargu hartuko duen bakarra autonomia galtzen noan heinean. Hori diote estatistikek. Bestela pentsatu nahi badut ere, horrelakoa da aurrean dudan etorkizuna, estatistikek ez dutelako huts egiten. Baten errealitatea islatzen ez badute, hurkoarena asmatuko dute bete-betean.
Estatistikak gora-behera, ezin dugu asmatu nola biziko garen 80 urte izandakoan. Ez dakigu nola biziko garen, ezta nolakoak izango garen ere. Gu ez garen beste pertsona bat izango gara dozenaka urte barru. Zahartzaroan izango garen pertsona horrek iragana eraiki du gure orainarekin, baina ez da nahikoa jakitea nolakoa den oraina, gerokoan nolako memoria izango dugun jakiteko. Memoria ez baita elikatzen egiatan gertatu diren gauzekin, baizik eta gertatu diren gauzak nola bizi ditugun sentipenarekin. Ezer ez dugu gogoratuko izan den moduan. Ziur asko ez dugu gogoratuko sasoi honetan eguna betetzen digun ardura. Errotuta izan dezakegu, ordea, gaur ustekabean pasatzen ari den hori.
Oraingo orainak ez daki nolakoa izango den gure memoria, eta are gutxiago daki nolako oraina izango dugun adindutakoan, 80 urterekin ere oraina izango dugulako, aukeratua edo inposatua. Hor dago koska.
Zahartzaroak badu xarma, ibilitakoaren bidea talaiatik begiratu ahal izatea, mendi tontorretik bide aldapatsuari erreparatzea, xedeak eskuratu ditugulako poztasuna. Zahartzarora asebeterik heltzeak gauza handia izan behar du egiatan.
Baina zahartzaroa kartzela ere izan daiteke. Estatistiken datu hotzen atzean antzeman daiteke presondegia. Ez dakit non dagoen kokatuta kartzela, etxean bakarrik bizi beharra duenean, edo senitartekoen etxean bizi izatea beste aukerarik ez duenean, edo adinekoen erresidentzian. Baina edadetuen artean askotxok ikusten dute beren burua kartzelan. Eta ez da izaten txarto zainduta daudelako, izatez, baizik eta beste aukerarik ez dutelako. Honezkero ez dute aukerarik erabakitzeko non egon nahiko luketen. Horretan datza kartzela, aurrez aurre ate bakarra edukitzean.
Egun batean 80 urte izango ditut, eta gertatu arren ez dut antzemango tratu txarrik nire senitartekoen partetik. Bizitza zirkunstantzietara apurka-apurka egokitzen joango naizenez, ez dut nabarituko estualdi ekonomikorik. Bisita gutxi eta autonomia eskasa izango badut ere, ez dut sumatuko bakardaderik, eta inola ere ez dut pentsatuko kartzelan bizi naizenik. Estatistikek aurkakoa esan arren. neure burua bizimodu berrira moldatuko dudalako, urteen joan-etorriaren konpasean.