GARA > Idatzia > Kultura

Erlijioari buruzko eztabaidan jarri ditu Joxe Arregi eta Edorta Jimenez Elkar argitaletxeak

«Jainkorik bai ala ez?» izenburua du Elkarrek plazaratu duen lanik berrienak. Erlijioa ardatz hartuta, Joxe Arregi teologia irakaslea eta Edorta Jimenez idazlearen arteko solasaldia jaso dute bertan.

p050_f01_097x100.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

Elkarren ekimenez eseri ziren Joxe Arregi frantziskotarra eta Edorta Jimenez sortzaile sinesgabea mahai baten inguruan, eta grabagailu aurrean, erlijioaz beren iritziak botatzeko. Liburuak ez du «inor ezertaz konbentzitzeko asmorik», baina badu, irakurleari hausnarketarako materiala eskaintzeko helburua.

Joxe Arregirentzat oso esperientzia aberasgarria izan da erlijioari buruzko eztabaida «zalantzaren arloan, galderaren arloan egitea». Izan ere, «zenbait esparru erlijiosoren barruan egiten den diskurtso zaharkitua aspergarri egiten zait», aitortu zuen frantziskotarrak.

Jarrera dogmatikoak ikusten ditu sinesten dutenen artean, baina baita sinesgabeen artean ere. Bere ustez, gizakiak, funtsean, zerbait sinetsi beharra du; hala ere, «horrek ez dakar derrigor erlijio batekiko atxikimendua».

«Oinarrizko jarrera bat da erlijioa, konfiantza arazoa: arnasa ematen ez badu, ez da benetako erlijioa», iritzi dio. Bere ustez, Jainkoa «oinarrizko fede horren azken euskarria da, errealitatearen beraren muina da».

Edorta Jimenezek uste du liburu hau ez dela «oharkabean pasatuko». ``Jainkorik bai ala ez?'' etikarako proposamena dakar, Mundakako idazleak iragarri bezala. «Etika berri bat behar dugu gaur egun, erruaren eta barkamenaren kontzeptuak aldatu behar dira», defendatu zuen liburuaren aurkezpenean. «Adan eta Evaren mitoa gizarteari gertatu zaion zoritxarrik handiena da -jarraitu zuen Jimenezek-. Erruaren kontzeptu horretatik askatu beharra dugu», aldarrikatu zuen. Edorta Jimenezek gogor kritikatu zuen sinesmen hutsean oinarrituta «sufrimendua eragitea, horren izenean Afrikan kondoia eragoztea».

Hamar atalez osatzen da liburua. Eztabaidara bildutako bi hizlariak sinestun eta sinesgabe izatera nola iritsi ziren azaltzen dute, gainera, liburuan hainbat erlijioz, Jesus Nazaretekoaz, Eliza katolikoaz, etikaz edota moralaz mintzo dira, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo