GARA > Idatzia > Musika

Bakarrik gelditu den Mark Olson countryman atseginak «Salvation Blues» diskoa ekarri du ariman

The Jayhawks taldeko partaide ohiak Victoria Williams kantariarengandik banandu eta «Salvation Blues» plazaratu du bakarlari gisa. Lan berriko hiru kantutan Gary Louris lagunak parte hartu du.

p057_f01_97x140.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Hitzordu berezia dugu Mark Olsonekin larunbatean. The Jayhawks taldeko partaide ohia Victoria Williams emazterarengandik banandu zen orain bi urte, eta zulo sakon batean murgildu. Orain, «Salvation Blues» espirituala plazaratu du, bakarlari gisa egin duen lanik bikainena omen dena eta hitzetan arreta berezia merezi duena.

Alt-country edo country berriak gogor jo zuen Ameriketako Estatu Batuetan joan zen hamarkadan, The Jayhawks bezalako taldeen eraginez. Talde horretan ezagutu genuen Mark Olson baserritar atsegina, Tim O´Reagan eta Gary Louris lagunekin batera. Amerikar folka berrituz, disko ederrak eman zituzten, tartean «Tomorrow the Green Grass» zoragarria.

Taldetik urrundu zen gure gizona 1997an, gaixorik zuen Victoria Williams emaztea zaintzeko. Josuah Tree-ko basamortuan etxaldea jarri eta hippyak bailiran, musika egiten jarraitu zuten Markek eta esklerosi anizkunak jota zegoen Victoriak. Duela dozena erdi bat urte Kafe Antzokiko agertokian ikusi genuen senar-emazteek osatzen zuten «hippy familia», etxaldean egongo balira bezala musika joz. Gaixotasuna zela eta kantatzeko eta dantzatzeko modu berezia zerabilen Victoriak eta zuzeneko hunkigarria utzi zigun gogoan.

Garai horretan lau lan plazaratu zituen Mark Olsonek bakarlari gisa, azkena 2004ko «Political Manifest».

The Posies Kafe Antzokian

Ez da ez Seattle hiriko The Posies indie taldeak Kafe Antzokiko agertokia zapalduko duen lehenengo aldia. 1986an sortutako laukoteak 90eko hamarkadan jo zuen gailurra eta Jon Auer eta Ken Stringfellow ditu buru, biak ala biak bakarlari legez zein talde lanean ere makina bat lan egindakoak, Big Star taldearekin kasu. Bigarrena, gainera, R.E.M. entzutetsuen partaide ere izana da zuzeneko itzulietan. «Every Kind of Light» dute azken lana, 2005ean plazaratua.

Egun, Matt Harris baxu-jotzaileak eta Darius Minwalla bateria-jotzaileak osatzen dute laukotea, Jon eta Ken gitarra-jotzaileekin batera. Bestalde, Burning Sky Records taldearen bertsioak bilduko dituen «Beautiful Escape: The Ultimate Tribute to The Posies» deituko den omenaldi diskoa prestatzen ari da.

Bilboko zuzenekoan, Doubtful talde iruindarra izango dute lagun. Izar Ganuza, Aitor Zudaire, Alberto Gurbindo eta Ivan Navarrok osatutako laukoteak debuta egin du aurten Noizpop disko etxean «Tv or not Tv» lanarekin.

Fitxa

Mark Olson:

Etzi, larunbata 27.

21.30ean Azkena aretoan (Bilbo). 15/18 euro.

The Posies eta Doubtful:

Asteazkena 31.

22.00etan Kafe Antzokian (Bilbo). 18/20 euro.

Gary Louris eta Mark Olson, berriro elkarrekin

«Salvation Blues» lanean The Jayhawks taldeko beste buruak, Gary Lourisek, parte hartu du hiru abestitan. Azken honek, iaz gelditu ziren arte Marc Pelman eta Tim O´Reaganekin batera bizirik mantendu zuen The Jayhawks taldea, eta egun prest omen dauka bakarlari gisa argitaratuko duen estreinako lana, Chris Robinsonek ekoitzia.

Markek eta Garyk, bestalde, Ameriketako Estatu Batuetan itzuli pare bat egin dituzte elkarrekin eta oso gustura aritu izan direnez, datorren urtean lan bat argitaratuko omen dute, The Jayhawks izena erabiliko ez duena.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo