Bederatzi urte eta gero, Deabruak Teilatuetan «1973» diskoarekin
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Bederatzi bat urte joan dira jada Deabruak Teilatuetan tolosarrak «gero arte» esan zutenetik. Orduan ere argi utzi zuten parentesi moduko bat zela; lanak, ikasketek eta bestelako proiektuek bultzatuta hartu zuten atsedenaldia. Orain, «Itsumutugor», «Zein da zein?» eta «Deabruak guarda» bilduma atzean utzita, «1973» kaleratu dute, hain zuzen «ikastolako betiko lagunak» eta «adinkide» direla-eta, izenburu hori aukeratu dute. Hamaika kantu bildu dituzte diskoan eta euren lanetan ohikoa den moduan askotariko gaiak, betiere gaurkotasuna dutenak, bildu dituzte. Ez da falta, hala ere, «erromantikoagoak» diren abestiak.
Lanak laukotearen orain arteko ibilbidea jarraitzen du, hortaz, baina igarotako urteei muzin egin gabe. «Hasi ginenean, beharbada, deskaro handiagoa genuen, eta orain errespetu handiagoa dugu abestiak egiteko garaian», azaldu zuen Aritz Mendieta kantariak. «Deabruak-en premisak mantentzen dira», gaineratu zuen. Deabruak-ek bere egin dituen rock erritmoei jarraiki, «1973» gehiago ere eskaintzen du. «Beste estilo bateko abestiak daude diskoan; rocka, funkiagoak... aurreko diskoetako gauza bera da, baina hamar urte pasa direlako perspektibarekin», esan zuen Mendietak.
Joni eta Imanol Ubeda urteotan Bide Ertzean taldearekin oholtza gainean izan diren arren, Aritz Mendietaren eta Iñigo Arruti bateria jotzailearen kasua bestelakoa izan da. «Guretzat erronka izan da berriz ere grabatzen hastea», azaldu zuen kantariak. Ubedak berak orain Deabruak Teilatuetan lehentasuna duen arren, Bide Ertzean-ekin ere aurrera jarraituko dutela argitu zuen.
Aurreko lanetan bezalaxe, Kaki Arkarazo produktore grabatu dute eta Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Aurkezpen kontzertua ere Tolosako Bonberenean izango da, Abenduaren 29an 22.30ean.