GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zazpi atxilotu Nafarroan eta beste bi Beasainen kable lapurreta leporatuta

p024_f01_148x116.jpg

GARA |

Bederatzi pertsona gehiago atxilotu dituzte azken egunetan Euskal Herrian, kable lapurretan parte hartu izana egotzita. Horietariko zazpi, Foruzaingoak Nafarroan egindako operazio batean atxilotu dituzte, eta beste biak Ertzaintzak Beasainen. Atxiloketa hauei irailaren bukaeran Larraungo bailaran atxilotutako hiru pertsona, eta EAEn delitu berbera egotzita urrian atxilotutako beste hamairu gehitu behar zaizkie.

Polizia iturriek berri agentzien bitartez adierazi dutenez, kobrezko sei tona kable baino gehiago atzeman dituzte operazio horietan, zehazki, 5.000 kilogramo Nafarroan eta beste 1.200 kilogramo Beasainen.

Foruzaingoak Nafarroan atxilotutako bi pertsonari, Aizoaingo enpresa baten jabeei hain zuzen ere, lapurtutako materiala erostea leporatu die eta gainontzeko bost gazteei kobrezko kablea lapurtzea.

Gaineratu dutenez, enpresaren bi arduradunek aurrekari polizialak dituzte, eta ikerketa bat egin ondoren Aizoaingo enpresara joan ziren arteartean foruzainak miaketa egitera. Bertan kobrezko hainbat kable aur- kitu omen zituzten.

20 eta 21 urteko A.EA. eta J.J.A. iruindarrak ere atxilotu zituzten, egun berean aipatutako enpresara 100 metroko kobrezko kable bat saltzera joan zirenean jatorria argitu gabe. Orkoienen berriz, 26 urteko A.E.J. larraundarra, 24 urteko G.J.J. iruindarra eta 21 urteko J.L-J.J. lizartzarra atxilotu zituzten delitu bera egotzita.

Nafarroako Gobernuak gaineratu duenez, azkenaldian kobrezko kablearen lapurretak ugaritzen ari dira, material horrek merkatuan izan duen prezio igoera dela-eta; ia bost aldiz biderkatu du prezioa azken hilabeteetan. Lehendabiziko lapurretak nagusiki eraikuntza obretan gertatzen baziren ere, orain, aldiz, telefono haria osten aritu izan dira. Hori dela eta, Nafarroa iparraldeko hainbat herritan telefono seinalerik gabe geratu dira. Gipuzkoan ere lapu- rreten ondorioz egoera berean geratu diren makina bat herri daude.

Bestalde, EAEko Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, bi pertsona atxilotu zituzten astear- tean, Beasaingo (Gipuzkoa) Renferen inguruan tona bat kable lapurtu izana leporatuta. Izan ere, eguerdiko 14.00ak aldera, Ertzaintzari deitu zioten Beasaingo enpresa batean lapurretan ari zirela ohartarazteko. Polizia autonomikoek atzeko aldea eta Renferen nasak miatu zituzten eta bertan hiru pertsona aurkitu zituzten kobrezko bobinak furgoneta batean sartzen.

Herrizaingo Sailaren arabera, lapurrek 1.200 kilo kable lapurtu zituzten Tolosako txatartegi batera eramateko. Geroxeago, material gehiagoren bila bueltatu omen zirenean Ertzaintzak harrapatu zituen. 37 eta 19 urteko M.A.B.E. eta A.B.B. atxilotuek aurrekariak zituzten lapurreta delituengatik. Bi horiek atxilotu zituzten eta mutiko adingabea aske utzi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo