Arabako Diputazioak parke eolikoen plan berria iragarri du
Mikel Mintegi Ingurumen diputatuak Biltzar Nagusietan egindako agerraldian, energia eolikoaren gaineko plan berria iragarri du. Bitar- tean, parke eolikoak eraikitzeko egitasmoak atzeratu beharko dituzte. Adierazpenok, EAE-ANVk planteatutako galderei erantzunez egin zituen Mintegik. Talde ekintzaileak Araban egin nahi dituzten parke eolikoen eraginaren gainean bere kezka adierazi du.
GARA |
EAE-ANVko Biltzarkide Taldeak Araban ezarri nahi dituzten zentral eolikoei buruz galdetu zion atzo Ingurumen diputatu foralari. Aldako Gurutzean, Iturrietako Mendietan eta Arkamun zentral eoliko handiez gain, parke txikiak ezartzeko asmoa omen dute (besteren artean, Arabako Errioxan lau) eta, talde ekintzailearen arabera, ezinbestekoa da egitasmo horiek izango dituzten eraginak aztertzea.
«Elgean eta Badaian izandako esperientzien ondorioz, ukaezina da era horretako proiektu handiek ingurumenean eragiten duten kaltea», gaineratu zuen EAE-ANVko Biltzarkide Taldeak. «Hori dela-eta, ezinbestekoa da jakitea egitasmo horien aurrean ingurumena babesteko beharrari buruz Mintegik esandakoak ekintza zehatzetan islatuko den». Izan ere, talde horren aburuz, energia berritzaileen aldeko apustua egin behar da, «baina bere osotasunean egin behar da eta, batez ere, inguruarekiko begirunea gordeta».
Luzapena
Arabako Biltzar Nagusietako Ingurumen Batzordean erantzun zion Mikel Mintegik EAE-ANVko kezkari. Diputatuak argi adierazi zuen Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Arabako Foru Aldundiak ez dio ezetzik esaten parke eoliko gehiago eraikitzeari. Hala ere, «guk uste dugu ingurune- etan paisaia-babesa duten tokietan ezin dugula parkerik eraiki, baina egon daitezke horretarako aukera eskaintzen duten beste gune batzuk», esan zuen.
Hori dela-eta, Mikel Mintegik Araban energia eolikoa garatzen jarraitzeko aukerak aztertuko dituen plana egingo dutela iragarri zuen; horretarako, gaur egun dauden egitasmoen eraikitzearen luzapena proposatu zuen «haien kokapenaren egokitasuna eta sortuko duten ingurumen-eragina aztertu arte», Arabako Biltzar Nagusiek 2005 urtean onartutako ekimenean eskatu zuten bezala. «Arabako lurraldea babesteko» tresnak bultzatu beharra dagoela gaineratu zuen Mintegik.
Parke eolikoen proiektuen artean Arkamukoa da, oraingoz, eraikitzen ari den bakarra. Ingurumen diputatuak iragarri zuenez, Diputazioak egitasmo horren kontrako arrazoibideak aurkeztuko dituzte. Horren harira, Mikel Mintegik Ingurumen eta Biodibertsitate Zerbitzuak eginiko txostena aipatu zuen. Delakoan agertzen denez, parke horretarako proposatu duten kokapenak «ingurumenean eta paisaian eragingo luke eta natu- ran larritasun handiko galerak ekarriko lituzke».
Bastidako golf zelaia
EAE-ANVk Bastidako golf zelaiari buruz ere galdera egin zion Ingurumen diputatuari.
Hala, Mintegik foru zerbitzu teknikoek eginiko txostenari heldu zion eta argudiatu zuen ezin dutela egitasmoak bere horretan onartu. Diputatuaren arabera, «eskandalagarria» litzateke proiektuak aurrera egitea txosten horretan eman dituzten iritziak kontuan hartu gabe.
Bastidako golf zelaia PPren udal gobernuak onartu zuen. Legegintzaldi honetan EAJk ahalbidetu du proiektuak aurrera jarraitzea.
EAE-ANVk salatu du erakunde publikoek, eta «Lakuako Gobernuak bereziki», negozioa ikusi dutela energia eolikoan. «Edozein proiekturi ateak zabaltzen dizkiote eta kontrol publikoa malgutu egiten dute».