GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Iruzurrezko publizitatea» egiteagatik hiru hegazkin konpainiari isuna jarri die Lakuak

p022_f01_148x108.jpg

GARA |

Lakuako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak hiru hegazkin konpainiari isunak jarri dizkie «publizitate engainagarria» egiteagatik. Joan den urtarrilean zortzi konpainiari auzibideak abiarazi zitzaizkien, eta geroztik zuzenketak egin dituztenak bost konpainia dira. Espediente horiek amaitutzat jo zituzten. Bertze hiru konpainiek, ordea, ez dute egoera moldatu edo erdizka egin dute. Beraz, isunak jarri dizkie Lakuako gobernuak.

Auzibideak abiaraztearen arrazoia azken prezioekin bat ez zetozen hegaldi txartelak iragartzea izan da. Izan ere, zortzi konpainiak ez zituzten tasak eta igortze-gastuak iragartzen Interneten publizitatea egitean. Ryanair konpainiak, auzibidea abiarazita izan arren, ez du kontuan hartu Kontsumo Sailak helarazitako oharra eta, beraz, 12.000 euroko isuna ebatzi dute beretzat. Lufthansak eta Aer Lingus-ek erdizka egin dute moldaketa, tasak adierazi bai, baina ez igortze gastuak. Horregatik, 6.000 euroko isun bana ezarri die. Azkenik, Air Europa, Alitalia, Easyjet, Hapag Lloyd Express GMBH eta Spanair konpainiek zuzenketak egin dituzte beren iragarkietan eta, beraz, ez dituzte zigortuko.

Lakuako Kontsumo Saila pozik agertu zen emaitzen aitzi- nean. Auzibideak abiarazteko ekintzak ez omen dira isunak jartzeko, «irregulartasunak dituzten enpresek beren jarduteko modua aldatzea» baizik. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuek biltzen dutena ekarri zuten gogora: «Produktu, ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea horien ezaugarriei eta eskuratzeko baldintzei buruz nahasmendurik eragin gabe egin behar dira». Horregatik, Kontsumo eta Segurtasuneko Zuzendaritzaren ustez, «azkenean ordaindu beharko den prezio erreala erakusten ez duen tarifa bat iragar- tzeak nahasmena eragiten du eta, beraz, arau-hauste larri gisa zehaztu behar da»

Irlandako Ryanair konpainiaren bozeramaile batek atzo eginiko adierazpenetan Lakuak ezarritako zigorra gaitzetsi zuen; izan ere, tarifa guztiek «tasak, zergak eta gainerako karguak» biltzen dituztela jakinarazi zuen. Horregatik, helegitea aurkeztea aztertuko dutela jakinarazi zuen.

Ryanair-en erantzuna

Urtarrilean auzibidea abiarazi zienean, egoera zein zen ziurtatzerik ez duen arren, gaur egunean informazioa ongi ematen dutela argi utzi nahi izan zuen. Hala ere, gogoratu zuenez, «erabiltzaileak bestelako gastu batzuk «online» eginiko erreserban sartzen baditu, tarifaren azken balioa igo egin daiteke apur bat». Gaineratutako zerbitzu horiek «gehigarria den ekipajea sartzea» edo «hegazkinera lehentasunez igotzeko eskatzea» izan daitezkeela azaldu zuen Ryanair-eko ordezkariak.

Zerbitzu horiek ekarriko lituzketen igoerak aztertuko dituztela jakinarazi zuen atzo, eta ezarritako zigorrari helegitea aur- keztea ala ez, emaitzen arabera erabakiko dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo