Ekitaldi jendetsua EMUNen 10. urteurrena ospatzeko
GARA |
Lana euskalduntzeko EMUN kooperatibak hamargarren urteurreneko ospakizun ekitaldi jendetsua egin zuen atzo arratsaldean Arrasateko Amaia antzokian ``Elkarrekin bidea egiten... eta elkarrekin ospatuz'' leloarekin. Orain hamar urte ekin zion enpresetan euskara planak garatzeari eta egun 80 langile baino ge- hiago ditu eta ehundik gora enpresa eta erakunderekin egiten du lan.
Ekitaldiaren lehen alderdian kooperatibaren ibilbidea laburbiltzen duen DVDa proiektatu zuten. EMUNeko ordezkariek hamar urteko bidean hainbat pertsona eta entitateren ekarpena izan dela nabarmendu nahi izan zuten. Bereziki, eskertu zuten HUEZI fakultate sortzailearen eta Fagorren -EMUNen aldeko apustu garbia egin zuen- sostengua. «Apustu hori EMUN sendotzeko eta garapena ahalbidetzeko erabakigarria izan da», nabarmendu zuten koope- ratibako kideek. Esker ona adierazteko HUEZIkoordezkari biri eta Fagor taldeko beste biri txapela eta makila bana eman zieten aurreskua dantzatzearekin batera.
Egunerokoari parodia
Bigarren alderdian, Iñaki Iriondo kooperatibako euskara teknikariak idatzitako «Eguneroko jira-biran» bertso-antzerkia antzeztu zuten 4 aktorek inguruko enpresetako 50 langilek eta Arizmendi ikastolako 30 neska-mutikok osatutako koruarekin batera. Antzerkiak enpresa baten euskara planaren inguruko parodia egin zuten. Ekitaldiari amaiera emateko, Jon Sarasuak idatzitako «Gero gura» kanta abestu zuten. Parte-hartzaile guztiak, 800 inguru, Uarkape pilotalekura joan ziren bertan antolatuya zegoen lunch-era.
Ospakizunean kooperatibako kideek ez ezik, arlo sozioekonomiko, euskalgintza eta instituzioetako ordezkariek, sektorekideek eta EMUNeko bezeroek parte hartu zuten.
Atzoko ekitaldiarekin amaiera eman zien hilabete honetan urteurrena ospatzeko egindako ekitaldi sortari.