Galder Gonzalez eta Asier Lauzurika Euskal Herriak Bere Eskolako kideak
Harrigarria!
UPV eta UPNA Bologna prozesua inorekin kontatu gabe egiten dabiltza. Ez diote ez jendarteari ez eta unibertsitate komunitateari galdetu zer egin nahi dugun unibertsitatearekin
Ikasle Abertzaleak taldeko kideak berriro UPVko irekiera ofizialetik bortizki kaleratu zituztenean, Iñako Pere- zek mikrofonoan «harrigarria» esan omen zuen. Guretzat harrigarria da ikustea unibertsitateetako irekieretan egiten diren ekitaldi ponpoxoak. Harriga- rria ikustea, Perez bera Camposekin eta Ibarretxerekin batera esertzen dela, iruzurraren hirukotea eginez. Harrigarria ikustea NUPeko irekiera ofizialean edukien inguruan hitz egin beharrean, etiketaz jantzita joatea eskatzen zela. Harrigarria ikustea Deustun erregerik erregeenaren semea gonbidatu dutela.
UPVn egoera harrigarria dela diogu Ibarretxek hiru lurraldetarako kontsulta iragarri eta hiru egunera Perezekin batera esertzen zelako, norekin eta unibertsitatearen hitza entzuteari uko egiten duenarekin. Ibarretxek bere kontsulta iragarri eta bi egunera Forondan elkartu zen bere burukideekin eta «kontsulta ilegala dela esan didate, baina, nola izan daiteke ilegala herriari galdetzea? Nola?» esan zuen pulpitutik. Hurrengo egunean, Bologna prozesuari buruzko kezkak entzuteko prest egon ez, eta Unibertsitatearen mirakuluen inguruan jardun zuen.
Edozein hezkuntza sistemaren ardatzetariko bat den unibertsitatean inposizioa besterik ez du pairatzen herri honek. Goi mailako formazioak herrien garapenean duen berebiziko garrantziaren jakitun, unibertsitate eredu arrotzak inposatzen zaizkigu. Urteetan Espainiaren eta Frantziaren interesei erantzuten dieten unibertsitateak pairatu ditugu. Orain beste inposaketa bat datorkigu gainera Europatik. Bologna prozesuak unibertsitatearen pribatizazioari ateak zabaltzea eta Europan interes ekonomikoen araberako unibertsitate eredua homogeneizatzea du helburu. Hezkuntza eskubideak sistematikoki urratzera datorren prozesu hau inolako eztabaida eta parte hartzerik gabe ari zaigu inposatzen. UPV Bologna prozesuan buru-belarri sartu da. Inori galdetu gabe, agintariek estatuen eta kapitalaren interesen arabera diseinaturiko hezkuntza erreforma batean sartu gaituzte.
Gainera Perezek bere hitza irensten du. Kanpainan zegoela, UPVko II. Euskara Planaren egileari zuzenean galdetu zioten ea euskara plan berririk egingo ote zuen. Eta berak, ezetz! Hara ba, azkeneko hilabeteetan Euskararen III. Plan Gidaria aurkeztu dute. Tamalgarriena da Perezek berak badakiela horrekin ez dela ezer lortuko, aurreko planarekin sekulako borroken ostean, bere hitza eman baitzuen (lekukoak badira) benetan euskaldunduko zuen unibertsitate baten alde ekingo zuela. Gero II. Planak baino erronka gutxiago dituen plan berria aurkeztu du. Hori bai azal gogorra! Orain lau urteko plana bete ez, eta plan berriaren helburuak aurrekoaren azpitik.
Nafarroan egoera ez da hobea, noski! Hezkuntzan, orokorrean, inposizioak eguneroko `ogi' dira. Inposizio horiek izen eta abizenak dituzte Nafarroan ere: «British» ereduak, «Instituto Navarro del Vascuence», euskal irakaskuntzari trabak, UPNA, «Educación para la ciudadanía», curriculum dekretuak... Aspaldi hasi ziren Nafarroako agintariak hezkuntzako arlo ezberdinak haien interes politiko-ekonomikoetara egokitzen. UPNAn lepo berdinetik burua eta Bologna prozesua inorekin kontatu gabe egiten dabiltza. Ez diote ez jendarteari ez eta unibertsitate komunitateari galdetu zer egin nahi ote dugun unibertsitatearekin.
Orain UPNAn errektoretza talde berria dago. Guk jada ez dugu ezer espero handi-mandiotaz. Euskaraz jardungo duen unibertsitate bat behar dugula esan genezake. Baina ez da beharra, eskubidea baizik. Ez dugu uste Lafuente errektoreak ezer egingo duenik, gehienez ere Burillok egin zuena: euskaltzaleei iruzurra sartzen saiatzea. Lafuenteren helburuak jakin ez arren, ziur gaude ez dituela UPNAko ikasle, irakasle eta langileen eskubideak babesteko inongo gogorik.
Argi dugu hori guztia ikusita ez dela zilegi bakar batzuek unibertsitate komunitate osoari euren proiektua inposatzea. Ikasle- ena da hitza, irakasleena, langileena... Gurea da hitza; eta gurea izanik hartu egingo dugu. Hitza hartuko dugu zer-nolako unibertsitate eredua nahi eta behar dugun erabaki eta eraikitzeko.
Hitza aldarrikatuko dugu, bai, baina guk badugu geure iritzia. Inposizioen gainetik, Bolognako zein Frantzia edo Espainiako unibertsitate ereduen gainetik, Euskal Herriak herri gisa bizirauteko Hezkuntza Sistema Nazionalaren baitan barnebilduko den unibertsitate propio eta nazionala behar du, alegia Euskal Unibertsitatea. Goi mailako hezkuntza herriaren garapen kultural, ekonomiko eta sozialaren zerbitzura jarriko duen Euskal Unibertsitatea behar du Euskal Herriak.