Lau eta Erdiko Txapelketa
Leitzarren arteko neurketa igandean jokatuko dute
Oinatz Bengoetxeak eskuin sorbalda minduta du eta atzerapena eskatu du denbora gehiago izateko
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako faseak historiara pasatzeko bidea darama. Oinatz Bengoetxeak atzo jakinarazi zuenez eskuin sorbaldan arazoekin jarraitzen du eta osatzeko denbora gehiago izan dezan Barriolaren aurkako partida igandera atzeratzea erabaki du Enpresen Ligak. Honenbestez, Olaizola II.a eta Agirreren arteko kanporaketa ostiral gauera aurreratu dute eta ETBk emango du zuzenean, baita leitzarren arteko partida igande arratsaldean ere. Gainera, Gonzalez eta Irujoren artekoak ere kolokan jarraitzen du, baina jokatzekotan -gaur hartuko du erabakia aurrelari azkaindarrak- astelehenean jokatuko dute Tolosan. Marka da gero, horrenbeste saltsa eta ika-mikaren ostean, Aimarrek ez du azkenean arazorik izango larunbatean anaiaren ezkontzara joateko!
Donostiako Atano III.a pilotalekuan bildu ziren atzo arratsaldean Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea pilotak hautatzeko eta lehen unetik nabarmen gelditu zen Oinatzi aurpegia belzten zitzaiola eskuinez pilota jotzen zuen bakoitzean. Bixente Artola masajistaren aurpegiak ere kezka erakusten zuen. Azkenean, materiala probatzerakoan, eskuinarekin ez zuen pilota bat bera ere jo. Aurrelariak giharretako kontraktura du eskuin sorbaldan eta uste baino arazo gehiago sortu dizkio.
«Mikel Goñiren aurkako partidan lurrera erori eta kolpe txar bat jaso nuen eskuineko sorbaldan, 19 eta 9koan izango zen. Probak egin ditugu eta, dirudienez, artikulazioa handituta daukat oraindik eta besoa mugitzerakoan hezurra jotzen du. Aurreko egunetan nahiko lasai ibili naiz, pasatuko zelakoan, baina gaur goizean jada larritzen hasi naiz eta orain ere min handia hartzen dut pilota jotzerakoan. Horregatik partida atzeratzeko eskatu dugu, denbora gehiago edukitzeko, eta ia ziur nago ez dudala arazorik izango igandean jokatzeko», azaldu zuen Leitzako aurrelariak.
«Oso berezia» bientzat
Arazo fisikoak alde batera utzita, argi dago bi leitzarren arteko kanporaketak ikusmin handia piztu duela. Bikote osatuz Donostiako eta Logroñoko Torneoak irabazi zituzten uda garaian eta igande honetan elkarren aurka jokatuko dute goi-mailako txapelketa batean lehen aldiz bakarka. Osagai horiek denak batuta, partida erakargarria izango da zalantzarik gabe.
«Berezia ez, niretzat oso berezia izango da. Herrian ere giro oso polita sortu da eta halako txapelketa batean final-laurdenetan herri bereko bi pilotarik elkarren aurka jokatzea nabarmentzeko zerbait dela uste dut. Fisikoki oso ongi nago eta bi eguneko atzerapenak ez dut uste inolako kalterik sortuko didanik. Oinatz ongi ezagutzen dut baina neurketa guztiek izaten dute sorpresatxoren bat eta igandean ere oso adi ibili beharko dut. Ezkontzarena... ez da nire kontua baina uste dut Asier Olaizola txapelketan ez egotea txarra dela Asegarcerentzat, txarra dela Asperentzat eta, azken batean, txarra dela denontzat, batez ere egin zuen uda amaiera ikusita», adierazi zuen Abel Barriolak.
Oinatz Bengoetxea ere ados azaldu zen partida berezitzat jotzerakoan, baina ez du uste sekretu handirik egongo denik bien artean. «Sekreturik batere ez. Oso ongi ezagutzen dugu elkar eta bakoitzak berea emanez gero, ikuskizuna eskainiko dugula uste dut. Abel espezialista handia da Lau eta Erdian eta irabazi nahi badut, dena ongi egin beharko dut. Badaukat gogoa behingoz finalerdietan sartzeko, baina garrantzitsuena fisikoki igandera ongi iristea izango da, bestela...», aurreikusten zuen aurrelariak.
Materialari dagokionez, Abelek 105,4 eta 103,4 gramoko bi pilota hautatu zituen; Oinatzek, aldiz, 103,9 eta 103,2ko beste bi, «frontisetik gutxi irten eta lurrean ongi ibiltzen direnak».
Deportivo (17.00)
Galarreta (16.00)
Egia (19.15)
Zaldibar (9.30)
Olaizola II.ak eta Agirrek ostiral gauean jokatuko dute Balmasedan ETBk zuzenean eskainiko duen jaialdian. Aimarrek, beraz, ez du arazorik izango azkenean bere anaiaren ezkontzara joan ahal izateko.
Gonzalezen eta Irujoren artekoak kolokan jarraitzen du. Azkaindarrak gaur erabakiko du jokatuko duen ala ez, baina partidarik izatekotan Tolosan izango da datorren astelehenean.