GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Ziklo-kros denboraldia

Unai Yusek babesle berriak aurkeztu ditu

«Aidazu», «Lankide» eta «BH» izango ditu sostengu, «Hermans» eta «Born» marken laguntzaz gain. Aurtengo helburuak, «Estatuko txapelketan lehiatzea» eta «munduko txapelketan egotea» izango dira.

p044_f02_097x164.jpg

GARA | GASTEIZ

Euskadiko Txirrindularitza Federazioko Zuzendari Teknikoa izateaz gain, Unai Yus oraindik ere txirrindulari profesionala da. Boygues Telecom taldetik bota zutenetik errepidea utzita badago ere, laugarren ziklo-kros denboraldiari ekingo dio aurten gasteiztarrak. Hala, Ciudad de Vitoria hotelean, lagun eta etxekoekin batera, Unai Yusek aurtengorako babesle berriak erakutsi zituen.

«`Aidazu'-rekin jarraitzen dut aurten ere, baina iaz `Lankide'-rekin kolaborazio txiki bat banuen, aurten babesle nagusi bihurtu dira `Aidazu' eta `Lankide'», esan zuen Yusek aurkezpenean. Horretaz gain, «BH» ere babesle gisa izango du eta «Hermans» eta «Born» markek ere laguntza emango diote txirrindulari arabarrari.

Yusen hitzetan, ziklo-kroslari profesional gisa hasten duen laugarren denboraldiari «ilusioz» heldu dio. Ilusioz eta sasoi onean, nahiz eta oraindik garaipenik erdietsi ez duen. Hasiberri den sasoi honetan jokatu dituen proba guztietan Oscar Vazquez izan da irabazle.

Helburuak

«Sasoi oso onean» dagoela aitortu zuen atzo Unai Yusek baina nolabait harrituta ere azaldu zen oraindik garaipenik lortu ez izanarekin.

«Neurri baten harrigarria da oraindik lasterketarik ez irabazi izana. Kontua da iaz aurten baino gorputzaldi eskasagoa neukala garai honetarako, baina banuela garaipenen bat edo beste. Aurten, berriz, sasoi oso onean egon arren, ez dut probarik oraindik irabazi. Egin ditudan lau lasterketetan Oscar Vazquez nagusitu da. Tira, aitortu behar da maila bikainean dagoela bera ere», esan zuen.

Helburuei dagokienez ere ez zuen zalantzarik egin. Hala, «Estatuko txapelketa lehiatzea» eta «munduko txapelketan parte hartzea» dira gasteiztarraren jo-muga garrantzitsuenak.

«Espainiako Kopa irabaztea nahiko nuke. Avilesen hirugarren lekuan amaitu nuen eta azkena bitartean berau irabazteko borrokan egon nahi nuke. Bestetik, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolaturiko Spyuk Torneoa ere irabaztea gustatuko litzaidake».

Iaz zortzi garaipen erdietsi zituen arabarrak, baina «garaipenen bat emateko prest» azaldu zen «munduko txapelketan parte-hartzearren. Oso garrantzitsua da munduko txapelketa batean parte hartzea eta prest nengoke garaipenaren bat emateko horren truke».

«Berriz ere, lokatzez zikintzeko gogoa daukat eta urte askotarako gogo hori izaten jarrai dezadala», esanez amaitu zuen aurkezpena Unai Yusek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo