Fermin Erbiti eta Pilar Vicente San Fermin ikastolako buruak
Atxa jauna: esker mila!
Joan den igandeko Nafarroa Oinez-en arrakastaren oihartzuna oraindik itzali gabe zegoela, Jesus Atxaren heriotzaren berri jaso dugu. Jesus Atxa 1970ean heldu zen Nafarroara, Zizur Txikian sortu berria zen San Fermin Ikastola zuzentzera, eta zeregin horretan bikain aritu zen erretiroa hartu zuen arte.
Atxa gure ikastolara heldu zelarik, San Fermin legeztatu gabeko 300 ikasleko ikastola zen. Handik hamabost urtera, berriz, mila ikasle zituen eta ikastetxea erabat sendotuta zegoen, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest. Haren konpromisoa, ordea, ez zen San Fermin ikastolara mugatu. Lurraldeko hainbat tokitako gurasoekin elkarlanean aritu zen, jo eta ke, seme-alabentzat euskarazko hezkuntza nahi zutenei lagunduz, haren esperientzia handia beti euskaltzaleen esku jarriz, etsi gabe, zailtasun guztiei aurre eginez.
Erakunde guztietan badira itzal handiko pertsonak, eredutzat hartu beharrekoak, erakundeen nortasunean eragin handia dutenak. Gurean, dudarik gabe, Atxa jauna izan da -eta izanen da hemendik aurrera ere- horietako bat. Horregatik, une tristeotan haren lana gogoratu eta goraipatzeaz gain, Jesus Atxak erakutsitako kemena eredutzat hartu nahi genuke, hemendik aurrera izanen ditugun erronkak lortzeko eredu paregabea delakoan.
Atxa jauna: San Fermin Ikastolako guraso, irakasle eta ikasle guztien izenean, bihotz-bihotzez, esker mila anitz.