Baiona
Ertzaintza, herri-zaintza Naiara Ibar
Ertzaintza, herri-zaintza. Herria eta herritarrak zaintzeko sortua. Egia ote? Lehengoan, autoarekin arazo bat izan, eta A8ko bihurgune batean edonork atzetik jotzeko arriskuan egon nintzen 20 minutuz Bidegiko langileen zain (bide batez esan, oso pertsona eta langile onak zirela). Bitartean, 800 metro atzerago Ertzaintzaren hiru furgoneta handi zeuden Zarauzko peajean abiadura kontrola zela-eta isunak jartzen.
Badakit beren lana ez dela izorratutako autoak konpontzea, baina herria eta herritarrak zaintzeko badaude, auto horretan dagoen pertsonaren bizitza zaintzea eta egoera horretan gerta litezkeen istripu larriagoak eragoztea beren betebeharretako bat dela iruditzen zait. Aski lukete hiru furgoneta horietako bat, argiak pizturik, nire autoaren atzean jartzea. Ez zen ezer gertatu, baina inork ez dit kenduko han igarotako 20 minutuetan sufritu nuen panikoa.