GARA > Idatzia > Kultura

Hondarrezko gaztelua eta Arte Eszenikoen Eskola

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Haurtzaroko hondartza garai epeletan, itsas bazterrean hondarrezko gazteluak egitea amesten genuen anaiak eta biok. Eskuak hondar hezean sartu eta gure ametsetako gaztelua eraikitzeari ekiten genion gogoz beterik. Pazientzia, garesti saltzen den zerbait izanik, berehala galtzen genuen haur arteko liskar arruntei hasiera emanez. Itsas bazterreko ur gazietan oinak bustitzen ari zen amonaren hitzak entzuten genituen arte.

«Hasi aurretik borrokan hasiz gero, ezingo duzue gaztelua sekula amaitu. Segi, segi... ura berehala iritsiko da eta...». Anaiak eta biok elkarri begiratu eta hondarra hartzen genuen berriz ere, eskuak lehertzeraino betez. Itsasora begiratu eta olatu txikiak bertan zeuden jada. Amaitu aurretik zuloak egin nahi genizkion, urak gaztelu barrua busti eta guk egindako bidea jarrai zezan. Baina ura geroz eta azkarrago gerturatzen zen eta ordura arte egindako lan mordoa segundo bakar batean zapuzteko beldurrak hondarrezko gaztelua behar bezala amaitzera eramaten gintuen. Oinetan ur hotza sentitu bezain laster entzuten genuen amonaren ahotsa, «Orain bai. Zuloak egiteko garaia duzue...».

Urteak dira Euskal Herrian Arte Eszenikoen Eskola Ofizialaren beharra aldarrikatu dela. Beharretik abiatutako aldarrikapena. Anaiak eta biok hondarrezko jauregiak egiteko genuen behar naturala bezalakoxea. Badirudi, behar hori entzun dela azkenean. Haurraren hondarrezko gaztelu beharraren oihua entzun duela amonak. Arte Eszenikoen Eskola Ofizial bat izango dugu Euskal Herrian, Bilboko Alondegian. Hondarrezko gaztelua eraikitzen hasi ahal izateko lehenengo hondar alea dugu geure eskuetan. Zorionak!

Baina amonaren aspaldiko hitz haiek ekarri nahi nituzke gogora, itsas haize leun batek geure belarrietara ekarriko balitu bezala...

«Hasi aurretik borrokan hasiz gero, ezingo duzue gaztelua sekula amaitu...». Iragarritako Arte Eszenikoen Eskola non izango ote den, nolakoa eta nork eramango duen... gauza garrantzitsuak dira, bai, baina ez dezagun ahaztu, eskubide hori entzuna izan dela eta geure esku dagoela gure ofizioaren geroa. Lehenengo pausoa emana dago. Espazioa badaukagu. Peter Brook-ek esan zuen bezala, «Espazio huts batean, osotasuna dago». Eta orain, guztioi dagokigu espazio huts hori nolakoa egin nahi dugun erabakitzea. Orain bai. Zuloak egiteko garaia duzue...

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo