Woody Allen-en trilogia ingelesaren azken emanaldia
«Cassandra's Dream»
Woody Allen europarrenak bere trilogia ingelesaren azken emanaldia den «Cassandra's Dream» aurkeztu du, bere filmen artean nahiko atipikoa antzezle berriak eta ohi ez bezalako talde artistikoa izan dituelako alboan. Jazz tradizional edo musika klasikoko leloek osatutako hots banda jakin eta ohikoari uko egitea da film honen alde deigarriena, oraingoan, eta salbuespenez, Philip Glass musikariak okasiorako berariaz ondu duen partitura bikaina baitakar.
Mikel INSAUSTI | DONOSTIA
Dagoeneko Woody Allen zinemagile europartzat hartzen hasiak gara, eta ez dirudi oraingoz bere Manhattan maitera itzuliko denik. Kontinente Zaharreko hiri desberdinetan barrena egin duen ibilbideak suspenseko drama filmak eta komedia arinak txandakatzen dituen auto-erbestealdi artistiko bat zabaldu du. Bartzelonako udako filmaketaren ostean, bere film ingelesen artean hirugarrena denaren estreinaldia iritsi da. Kritikariek ez dute hartu ez «Match Point» bezain ongi, eta ezta «Scoop» bezain gaizki ere. Erdibide diskretu batean kokatu da, eta «obra txiki» edo «denbora-pasa apal» bezalako adjektibo kalifikatzaileak jaso zituen Veneziako Mostran aurkeztu zutenean. Bere adinean Woody Allenek ez du katua erbitzat saldu beharrik eta, filmaren emanaldiari jarraitu zion prentasurrekoan, berriemaile bereziek balizko asmo filosofikoez edo irakurketa mitologikoez galdegin ziotenean, ez zuen izan halakoak ukatzeko inolako arazorik, film hau hori guztia baino xumeagoa baita: nahaspiletan kateatu diren bi anaien tragedia da.
Hayley Atwell bere emakume antzezle berriak ere ez du arreta handiegia erakarri, baina Woody Allenek ukitzen duen guztiak ez du zertan nahitaez urre bihurtu behar. Bere magialari amateur kapela luzetik Scarlett Johansson ordezteko musa berri bat ateratzea ez zen zeregin erraza, eta Londresko agertokietan aurkitu duen ustekabeko ordezteak betekizun praktikoa du liluragarria bainoago. 25 urteko emakume gaztearen itxura arruntak ez du zinema beltz klasikoko emakume fatalekin zerikusirik, bere rola ez baita gaur egun hain ugari diren antzezlegai handinahi batena besterik. Harekin maitemindu da Ewan McGregor antzezle eskoziarrak gorpuztu duen anaia, baina familiaren ekonomia benetan porrotera eramango duena Colin Farrell irlandarrak hezurmamitu eta bere jokorako zaletasunagatik arazo larriak dituen anaia da.
Izenburuak ohiko amets bat aipatzen du, hura gorpuzten duen belaontziaren izena ere baden arren. Laketontzi erosi berri hori ur gainean mantendu eta asteburuetan itsastatzeko delitu egin beharko dute, eta orduan azalduko da loriatutako intriga orotan inoiz falta ez den azpijoko kriminala. Gertakizuna piztuko duen osagai gisa, emankizuneko jaun eta jabe bihurtzeko aparteko zailtasunik ez duen Tom Wilkinson-ek hezurmamitu duen Ameriketako osaba sartuko da agertokian. Negozio gizon arrakastadun ospea aurretik duela itzuli da osaba Ingalaterrara, baina larri dabiltzan anaien zoritxarrerako ez da dirua oparituz iritsi. Ez dute denbora luzea beharko bere jarduerak legez kanpokoak direla jakin eta beren bolada txarretik oneratu nahi badute modu batean edo bestean haietan parte hartu beharko dutela jabetzeko.
Izenburuak ohiko amets bat aipatzen du, hura gorpuzten duen belaontziaren izena ere baden arren. Laketontzi erosi berri hori mantendu eta asteburuetan itsastatzeko bi anaiek delitu egin beharko dute.
Zuzendaria: Woody Allen.
Gidoia: Woody Allen.
Antzezleak: Ewan McGregor, Colin Farrell, Tom Wilkinson, Hayley Atwell, Mark Umbers, Andrew Howard eta Tamzin Outwhite.
Herrialdea: Ingalaterra-AEB, 2007.
Iraupena: 108 minutu.
Generoa: Suspenseko filma.
Y si con «Cassandra's Dream» Woody Allen cierra su etapa londinense, «Vicky Cristina Barcelona» -el título es el oficial, aunque no el definitivo- supondrá la llegada de nuevos aires para el realizador. Rodada entre Barcelona, Asturias y la ciudad de los rascacielos, es una película romántica -con romance real entre Bardem y Penélope Cruz- en la que busca «mostrar Barcelona igual que muestro Manhattan, muy a través de mis ojos». El estreno, en otoño de 2008. GARA