Tuterako Opera Prima jaialdian gaur hasiko da zazpi filmeren arteko lehia
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Zortzigarren urtez, Tuterako Opera Prima jaialdiari hasiera emanen diote gaur 18.00etan. Muskaria Zine Klubak antolatzen du bertako Udalarekin batera jaialdi hau. Julio Mazarico Muskaria Zine Klubaren lehendakariak Gara-ri azaldu dionez, «aurten jaialdiak bi berrikuntza nagusi izango ditu: alde batetik, urtero gazteriak eskaini ohi duen sariaren bikoizketa, 1.200 eurotik 2.400 eurora igo baita, eta beste alde batetik, aurten Estatu espainoleko kultur ministerioaren 6.000 euroko dirulaguntza jaso dugu. Kopuru oso handia ez bada ere, guretzat laguntza estimagarria da, izan ere, honek gure jaialdiari ospe handia emango dio. Gainera, Opera Prima jaialdia txikia izan arren, keinu honek Estatuko zinema jaialdien sarearen barne gaudela eta, esate baterako, Donostiako Zinemaldiaren «parean» gaudela adierazten du».
Jaialdi honetan Estatu espainoleko zuzendariek soilik parte har dezakete, ekoitzi duten lehendabiziko film luzea aurkeztuz. Aurtengo edizioan hogeita zortzi film aurkeztu ziren lehiaketan parte hartzeko eta, antolatzaileek hautaketa egin ostean, zazpi izan dira lehiaketuko direnak. Gaur bertan, 18.00etan eta 22.30ean, Jose Manuel Gonzalez zuzendariaren «El hombre de Arena» lana eskainiko dute, eta baita Jaime Marquesen «Ladrones» pelikula ere, hurrenez hurren. Bihar Tristan Ulloa eta David Ulloa zuzendarien «Pudor» lana izanen da ikusgai. Jaialdian parte hartuko duten beste filmen artean Jaime Marquesen «Ladrones», Rafa Cortes zuzendariaren «Yo» eta Rodrigo Cortesen «Concursante» film luzeak daude. Honez gainera, Nafarroako bi zuzendariren lanak ere aurkeztuko dira: Felix Viscarreten «Bajo las estrellas» eta Diego Fandosen «Cosmos» filmak.
Aurtengo edizioan, jaialdiak Manuel Gutierrez Aragon zuzendari kantabriarrari eskainiko dio omenaldia. Hori dela eta, datorren asteazkenean, Gutierrez Aragonek 1973an egindako «Habla, mudita» filma eskainiko dute 20.15ean eta ondoren solasaldia izanen da. Jaialdi honetan ikusleek sari nagusia, 12.000 eurokoa, ematen dute. Ikusleez gainera, kulturaren munduko hainbat kidez osatutako epaimahaia egongo da: Montxo Armendariz eta Daniel Sanchez zuzendariak, Elena Anaya eta Veronica Sanchez antzezleak, Maria Guerra kazetaria eta Jose Antonio Labordeta abeslari eta politikaria. Gonbidatuen artean Maria Valverde eta Hugo Silva antzezleak ere Tuteran izanen dira.