GARA > Idatzia > Euskal Herria

kronika | eskada

Kukutza gaztetxeko paretari gogoz helduta

Bilboko Kukutza gaztetxea okupatu zutenetik lanean aritu da bertako Eskalada Taldea. Rokodromo autogestionatua eraiki dute 3. solairuan eta aurkezteko egitaraua ere prestatu dute.

Haritz RODRIGUEZ

Lau urte eman dituzte Kukutza gaztetxeko hirugarren solairuan bulderra egiteko rokodromoa eraikitzen. Azkenean, iritsi da beren lana jendaurrera eramateko garaia. Atzo hasi ziren aurkezpen ekitaldiak, eta gaur ere hormari gogor heltzeko aukera izango da, beste hainbat ekitaldiren artean.

Eskalada inguratzen duen jarrera elitista baztertu eta kirol hau gizarteratzea da Kukutza gaztetxeko eskalatzaileen helburuetako bat. Zortzi urte daramatzate bide horretan lanean. «Sarrera librea zuen bulder bat sortu genuen hasiera batean, bertan nahi duenari entrenatzeko aukera emateko. Gaur egun, askoz ere jende gehiago hurbildu da proiektu honetan parte hartzera. Eskari handi honi erantzuteko bulder handiago bat eraikitzea erabaki genuen. Guztion artean eraiki dugu, baita solairua txukundu, komunak egin eta gimnasioa hobetu ere. Nolabait, solairua atondu dugu», jakinarazi dute Kukutza gaztetxeko Eskalada Taldeko kideek.

Hainbat pertsona eta talderen laguntza izan dute rokodromoa eraikitzeko, baina finantzaketa iturri nagusia «rokomobila» delakoa izan da: Eskalada areto mugikorra eraman dute herri eta auzoetako jaietara, «bizi eredu ezberdinak posible direla erakutsi, eta kirol eder hau jende guztiari hurbiltzeko asmoarekin». Baita asmatu ere: «Rokomobilean umeak animatzen dira gehien, baina, bada behin proba egin, eta errepikatu duen pertsona heldurik ere. Bizi izan duguna oinarri hartuta, eskalada gaztetxoen artean arrakasta handiko kirola dela esan dezakegu. Atseden hartzeko betarik ere ez digute uzten!», gaineratu dute umoretsu.

Eraikuntza lanak amaituta, rokodromo berria jendeari erakusteko garaia iritsi da eta, horregatik, aurkezpen festa hasi zuten atzo. Gaur gauean amaituko da Dj Zen-en musika saioarekin. Egun osoan argazki erakusketa egongo da ikusgai Kukutzan, eta -9.00etan behar bezala gosaldu ostean- 10.00- etan bulder txapelketa hasiko da. 15.00etan, indarra berreskuratzeko bazkari herrikoia antolatu dute, eta 17.30ean ondo asebetetako sabelek kirola tarte batean alboratu, eta lasai-lasai Pou anaia eskalatzaileekin solasaldia entzuteko aukera izango dute. 20.00etan Def Con Dos taldeak musika jarriko dio ekitaldiari, eta ondoren, BUFF bandak. Bi emankizunen artean eskalada erakustaldia egongo da.

Eraiki duten rokodromoa ez da nolanahikoa. Eskalada Taldeak adierazi duenez, «bulderra diseinatzen hasi ginenean zerbait ezberdina egiteko gogoa genuela nabaria zen. Eta hala izan da. Alde guztiek, gutxiago ala gehiago, baina badute inklinazioa. Baina beren arteko sekzioek ez dute angelu zuzenik eratzen. Ondo bereiztutako bost sektoretan 1.500 presa inguru daude. Bulder berriak ez du aspertzeko aukerarik ematen!».

Rokodromoa jada eraikita badago ere, beren jarduera ez da hemen amaituko: «Bulderra are gehiago handitu nahi dugu. Leku arazorik ez dugu, baina aurrera egiteko baliabide ekonomikoak beharrezkoak dira. Orain arte egin bezala, autogestiotik abiatuz gure ametsak beteko ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo