Torturaren kontrako konpromisoari uko
Atzo goizean Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak, Madrilgo Kongresuko Instituzio eta Barne gaietarako Batzordera lege proiektu bat eramateko proposamena onartu zuen. Ekimenak tortura kasuak saihesteko lege aldaketak eta neurri teknikoak hartzea eskatzen du. Aurrerapausotzat jo liteke erabaki hori, hain arazo zahar eta larriari aurre egiteko beharrezkoa baita instituzioen aldeko jarrera ere. Eta baita haien borondatea ere. Halere, borondate hori uzkur agertu zen arratsaldean, ez baitzuten onartu atxilotuen eskubideak zaintzeaz arduratuko litzatekeen batzorde bat sortzeko proposamena. Aldeko boz bakarrak Ezker Abertzalearena eta Aralarrena izan ziren. Eta hutsaren hurrengoa da adierazpen parlamentario bat, ondoren gutxieneko konpromisoari uko egiten bazaio. Bitartean, hainbat epailek ere ez dirudite oso kezkatuta arazo hori dela-eta. Izan ere, atzo bertan Ibon Meñika euskal presoa, bere tortura salaketaren gaineko adierazpenak egitera Petanzosko (Galizia) epaitegi batera eraman zuten, zegokion moduan Bilboko instrukzio epaitegi batera eraman beharrean. Zenbait guardia zibilek eraman zuten, gazteak salatutako Polizia bereko kideek hain zuzen. Eskuburdinak jarrita deklaratzera behartu nahi zuten. Beraz, ez dirudi atxilotuen eskubideak inongo instituzioren kezka handia direnik.