GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Kontzientzia garbia

Espainiako, Europako, munduko, edo nik al dakit nongo herrialderik solidarioena da. Sarri izan dut horrelako ondorioak ateratzen dituzten inkesten berri. Eta berdin dit, Aramaio edo Biriatuko bizilagunei egindako inkestak izanda ere, ergelkeria bera izango litzateke. Ez dut imajinatzen zenbateraino den solidarioa galdetu dioten lagun bat honako hau erantzuten: «Ni solidarioa...? Egoista, xenofobo eta homofobo zeken nazkagarria naiz eta!». Baina espainiarrek, euskaldunok eta munduan askok, horrelako ergelkeriak sinesteko joera dugu, eta gogoko dugu parte garen kolektibo edo komunitate horren ezaugarri onak entzutea: solidarioenak, azkarrenak edo indartsuenak izatea. Eta inkestek hala diotenez, ez dago frogatu beharrik (gaitz erdi).

Nolanahi ere, batzuetan bai, batzuetan erakutsi egiten dugu, geure buruari behinik behin, bertute horietako batzuk baditugula. Esate baterako, telebistak Hirugarren Munduko miseriaren irudiak eskaintzen dizkigunean, eskubiderik ez dagoela pentsatzen baitugu. Tristura handi batek betetzen digu barrena pare bat minutuz, eta kasik harrituta geratzen gara uste baino pertsona hobeak garela sentitzean. Eta zein ondo ibiltzen den norbera munduan kontzientzia on eta garbiarekin.

Egun hauetan Estatu espainol osoan kontzientzia garbitzeko aukera ona izan dugu. Mutil kataluniar bat gorrotatu eta neska ekuadortar baten alboan sentitu gara. Areago, kartzela zigorra eskatu dugu gazte arrazistarentzat. Eta tren bagoi berean zihoan argentinarra ere pixka bat gorrotatu dugu, erasotzailearen botan aurpegia ez jartzeagatik. Koldar alaena.

Eta bizitzak aurrera segitzen du, onberak izateko hurrengo aukeraren zain. Bitartean legeak betetzen saiatuko gara, batzuek gustuko ez baditugu ere, baina beharrezkoak direla ulertuta. Legeek, etorkinak, etorkin beltz, arabiar edo latinoamerikarrak, beren herrialdeetara egozten dituzte, baina hobe hori, enpresa batean esplotazio ikaragarria jasatea baino. Eta legalak direnean -eta hori da kontua, legala izatea-, babestu egiten ditu beren erasotzaileak kartzelara sartuz.

Hausnartu...? Txorakeriak. Aldatu...? Zer? Tira, bai, kartzela gehiago eta handiagoak egin behar dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo