GARA > Idatzia > Pilota

Gonzalez ez da osatu eta agur esan dio aurtengo lehiaketari

Juan Martinez de Irujo, egungo txapelduna, zuzenean sailkatu da finalerdietako ligaxkara eta gaur ezagutuko du lehen jardunaldian bere aurkaria izango dena: Aimar Olaizola edo Imanol Agirre

p049_f01_97x184.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Sebastien Gonzalezek agur esan dio aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketari. Azkaingo aurrelariak atzo egin zituen azken probak eta argi ikusi da ezker eskua ez duela goi-mailako partida bat jokatzeko moduan. Horri esker, bere aurkaria, Juan Martinez de Irujo -iazko txapelduna-, zuzenean sailkatu da finalerdietako ligaxka jokatzeko.

Egun zailak izan dira azken hauek Gonzalezentzat. Lehen bi kanporaketak larri samar gainditu ostean, aurrelari lapurtarrak sekulako gogoak zituen Irujoren aurka jokatzeko. «Beti ni irteten naiz faborito eta oraingo honetan paper hori berari tokatuko zaio, sekulako aukera izango da niretzat», komentatzen omen zion Panpi Laduche bere botileroari Juantxo Koka mendean hartu eta gero.

Azkenean, ordea, ez da posible izan. Berri txarrak astelehenean bertan iritsi ziren. Ezker eskuko hatz nagiko hirugarren falangean haustura zuela baieztatu zuten proba medikuek eta, hasiera batean, osatzeko epea gutxienez hiruzpalau astekoa izango zela.

Pilotariak, aldiz, jokatzeko ahal zuen guztia egingo zuela aurreratu zuen egun hartan bertan eta eginahal horretan ibili da atzo arte. Babes bereziren bat jarrita jokatzea zen helburua eta, zaila izan arren, inor ez zen ausartzen jokatuko ez zuenik esaten. «Mutil oso gogorra da. Lehen ere ikusi izan diot egoera oso zailetan kantxara irteten eta oraingo honetan ere saiatuko da nola hala partida hori jokatzen», ohartarazi zuen Laduchek astelehenean.

Baina oraingo honetan, pena handiarekin izan arren, burua makurtu behar izan du Gonzalezek. Batetik, etorkizunera begira bere osasuna ere zaindu beharra duelako -hatza aspalditik minduta du-; bestetik, zaleek ere errespetua merezi dutelako eta ezin delako edozein egoeratan kantxara irten.

Txapelduna, finalerdietan

Gonzalezen lesioaren ondorioz, Martinez de Irujo finalerdietako ligaxkan da jada. Udako lesioaren ondoren, ikusmin handia zegoen Iberoko aurrelariaren joko-maila ikusteko. Egungo Lau eta Erdiko txapelduna azken neurketetan apurka-apurka hobetzen joan da eta pentsatzekoa da azken entrenamenduei esker gorakada hori nabarmenagoa izango dela. Hori frogatu ahal izateko, ordea, beste aste bat gehiago itxaron beharko dugu. Argi dagoen gauza bakarra, Irujok ligaxkako lehen jardunaldian Olaizola II.a edo Agirreren kontra jokatuko duela da; aurkaria, beraz, gaur bertan ezagutuko du. Irujoren kasua nahiko bitxia da. Zenbait urtetan Lau eta Erdian oso makal ibil ostean, iaz sekulako erakustaldiak emanez irabazi zituen Nafarroako Lau eta Erdikoa, lehenik, eta txapelketa nagusia, ondoren.

Iritsi da, azkenean, Balmasedako partida

Asko, gehiegi, hitz egin da aste osoan Aimar Olaizolak eta Imanol Agirrek gaur Balmasedan (23.00, ETB1) jokatuko duten kanporaketaren inguruan. Batez ere, kirol kontuei baino gehiago, Olaizolatarren aferari arreta handiago ipini diogulako askok. Azkenean, ordea, iritsi da norberaren indarrak kantxan erakusteko garaia.

Pilota aukeraketa atzo bertan egin zuten Balmasedako frontoian eta pilotari bakoitzak norgehiagoka modu batera edo bestera baldintzatu dezakeen pilota bana aukeratu zuten. «Nik aukeratu ditudan bietatik bat nahiko «alegrea» da eta pilota horrekin erosoago joka dezaket. Baina berak hautatu dituenetatik bat behintzat pilota nahiko «fuertea» da, eta horrekin arazo handiak izango ditut defentsan orokorrean, eta errestoan bereziki», deskribatu zuen Imanol Agirrek.

Ildo horretatik joan daiteke partida, nahiz eta dirua oso argi irtengo den Aimar Olaizolaren alde. Aurrekariei begira, deigarria da 2004ko Txapelketan ere Balmasedan jokatu zutela gaurko bi protagonistek. Orduan, Aimarrek 22 eta 7 irabazi zuen, nahiz eta, bere iritziz, «ezer esan nahi» ez.

Asier AIESTARAN

Asier Olaizolak ere partida du gaur Zornotzan

Anaiak bezalaxe, Asier Olaizolak ere partida jokatuko du gaur, bere ezkontza egunaren bezperan. Jaialdia 20.00etan hasiko da Amorebieta IV.a pilotalekuan eta lehen partidan Olaizola I.a eta Zearra Leitzaren eta Beginoren aurka neurtuko dira. Jaialdia bigarren mailako Lau eta Erdiko Txapelketari dagokion final-zortzirenetako partidarekin osatuko da.

Bigarren mailan ere, beste hiru kanporaketa

Bigarren mailako Txapelketari dagokionez, final-zortzirenetako beste hiru partida jokatuko dituzte asteburuan. Gaur Iñigo Diaz eta Iñaki Iza neurtuko dira Zornotzan. Bihar Jokin Argote eta Mikel Bellosoren txanda izango da Labriten. Igandean, azkenik, Thierry Arizmendik eta Mikel Olazabalek neurtuko dituzte indarrak Donostian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo