GARA > Idatzia > Kultura

Irlandako arte garaikidea ezagutzeko obra-sorta esanguratsua du Kubok

Irish Museum of Modern Art-en funtsen hautaketa osoa bildu du Kutxaren Kubo Aretoak bere aurtengo azken erakusketan. Artista irlandarren edo Irlandan finkaturiko nazioarteko ibilbide garrantzitsuko hainbat artistari arreta berezia eskaini dio 35 arte-lanen bidez.

p053_f02_097x128.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Hogeita bederatzi artistak burutu 35 artelan biltzen ditu gaur ateak irekiko dituen «Irish Museum of Modern Art-eko obra nagusiak» erakusketak. Hamabost pinturak, lau eskulturak, sei argazkik, zazpi bideok eta hiru instalazio ikusgarrik osatzen dute arte-zentro ospetsu horretako funtsen hautaketa hori.

Urtarrilaren 20a arte ikusgai, erakusketak artista irlandarren edo Irlandan finkatutako nazioarteko ibilbide garrantzitsua duten hainbat artistari eskaintzen die arreta berezia, baina baita mundun entzute handia duten beste artista batzuen lanei ere -nahiz eta irlandarrak ez diren-. Azken arlo horretan aipa litezke Louise Bourgeois paristarra, Camille Souter britainiarra, Candida Höfer alemaniarra eta Donostiako Cristina Iglesias bera. Euskal artistak, adibidez, 2002ko instalazio bat du ikusgai. Bizitza baino giro organiko handiagoen sail baten parte da lana, The Vegetation Rooms, arkitektura eta apainduraren lengoaia trazatzen duena. Urtu eta brontze hautsez estalitako erretxinez eginda dago.

Finean, Kubon dauden 2000. urtetik aurrerako lan gehienak nazioarteko artistei dagozkie eta 60ko hamarkadako Irlandako lan nagusi batzuen alboan jarri dituzte. Bestalde, bi bloke bereiz daitezke bertan: hasiberriak diren artistena, batetik, eta sortzaile ezagunena, bestetik. Lehenengo multzoan, esaterako, Isabel Nolan, Gerard Byrne, Carolyne McCarthy, Ciaran Lenon, Clare Langan edota Dorothy Cross aipa litezke.

Sean Sully, aitzitik, Irlandako margolari txalotuenetako bat da; mundu osoan erakusketa gehien dituenetakoa. Tamaina handiko bere bi margolan geometriko daude erakusketan.

Gerard Byrneren «New sexual lifestyles» instalazioa, M. Jose Aranzasti komisariaren esanetan, erakusketako pieza «adierazgarrienetako bat da». Ildo beretik aurkeztu zuen Gilbert&Georgeren fotomuntaketa. Bikotea artista bakar gisa eratu zen 60ko hamarkada amaieran, eta Kubora beren «Smoke rising» ekarri dute, XX. mendeko hiri bizimodua salatzen duena.

Nortasun edo gatazka politikoak ardatz, bestetik, Willie Dohertyren «Sometimes I imagine it´s my turn» bideo-emanaldia eta Ipar Irlandako Paul Seawrighten «Gate» nabarmentzen dira - «politikaren zama handia duen kultura batean egunerokoa ere enblematiko bihurtzen dela erakutsi nahian», ate herdoildu batean Union Jack banderaren sinboloa islatzen du-.

Mundu femenino eta feministari keinu egiten dieten Marina Abramovic, Beverly Semmes, A-lice Maher eta Vic Muniz, Tim Mararen pop-a zein Peter Doigenen eta Hughie O´Donoghueren nostalgia eta misterioa ere presente daude erakusketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo