Iņigo Calderonek bete lezake Edu Alonsok eskuin egalean utziko duen hutsunea
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Hamaika jokalarirekin probarik egin ez zuen arren, atzo arratsaldean egindako lan saioan ikusi ahal izan zenez, Iñigo Calderon gasteiztarrak bete lezake Edu Alonsok eskuin hegalean uztitako hutsunea. Bilbotarrari atzo bertan egin zizkioten azterketa medikoek erakutsi zuten atzelariak zentimetro bateko zuntz haustura duela eta hilabete inguru beharko du osatzeko.
Hainbat asteetan taldetik at egon ostean, jokatzeko aukera izango du Calderonek, baina gasteiztarrari pena ematen dio aukera hori nola heldu zaion. «Ez dit grazia handiegirik egiten lagun baten lesioagatik taldera sartzeak. Gainera, taldekide oso berezia da niretzat Edu, berarekin oso harreman estua dudalako. Bera gainera oso sasoi onean zegoen eta hutsune garrantzitsua izango da. Dena dela, lesioak jokoaren parte dira eta tokatzen denean jokatu beharra dago», azaldu zuen.
Gainera, arabarraren iritziz, taldearen onura dago guztiaren gainetik. «Taldea da lehenengo gauza, gero, nik jokazten badut, hobe», gaineratu zuen jokalariak prentsaurrean.
Castelloren aurka jokatuko duen hamaikakoaren inguruan ez zuen pista gehiegirik eman Josu Uribek, multzoka lan egin baitzuen, gainera, saioa amaitu aurretik, David Aganzok lan saioa utzi behar izan zuen min hartuta. Medikuek gaur aztertuko dute madrildarraren lesioa zenbaiterainokoa den, baina oraingoz zalantzan dago taldeko goleatzailerik onena hasieratik jokatzeko moduan izango den. Gaurko entrenemenduan jakingo dute ziurrenik.