GARA > Idatzia > Errugbia

Heldu da Aviron eta Biarritz lehian ikusteko tenorea

Zuri-gorriek Ligan eta Europako Txapelketan jarri dute ilusioa, biak irabazi nahi baitituzte; zuri-urdinak, aldiz, mailari eustearekin konformatzen dira

p048_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Inoiz baino beranduago, baina badator Top 14a. Joan den astean amaitu zen Munduko Txapelketa, eta horrek atzeratu egin ditu Ligarik garrantzitsuenak. Dena dela, Europako Ligarik indartsuenetakoa hastear dago.

Biarritzek eta Avironek helburu ezberdinekin ekingo diote denboraldiari. Zuri-gorriek Liga eta Europako kopa dituzte begiz jota, eta biak irabazi nahi baldin badituzte ere, bakarrarekin ere konformatuko lirateke, eta etsi-etsian, baita iaz egin zutena baino denboraldi hobea egitearekin ere.

Lapurtarrek Albi hartuko dute gaur Agilera estadioan 17.30etik aurrera. Aurrez aurre izango duten taldea, mailari eusteko lehian ibili behar dena da, eta Biarritzek ezin du hutsik egin. Lau puntuak etxean geratu beharko lirateke, eta erasoko puntu gehigarria ere lortuko balute, askoz ere hobea litzateke.

Zaletu euskaldunak nahiko haserre amaitu zuten Biarritzekin, uste baino askoz ere denboraldi ahulagoa egin baitzuten. Horregatik, lehen jardunalditik hasi beharra dute garaipenak lortzen. Betsen, Thion, Harinordoki eta Traille ez dira arituko, laurek ere atseden izango baitute. Frantziarekin izan dira Munduko Kopan, eta entrenatzaileak jai ematea erabaki du.

Ordu berean jokatuko du Avironek gaur Briven. Zuri-urdinek mailari eutsi nahi diote, baina iazko larritasunik ere ez dute pasatu nahi. Joan den denboraldian, zortzigarren jardunaldira bitarte ez zen lehen garaipenik heldu, eta jokalariek badakite hori errepikatzen baldin badute zaila izango dela mailari eustea. Jokalari onak ekarri dituzte, eta itxaropen handia dute aurten. Bageten hutsunea bakarrik izango dute euskaldunek.

Ohorezko Maila

Top 14ko bi euskal taldeek gaur jokatzen dute, Ohorezko Mailakoek, aldiz, bihar izango dituzte norgehiagokak. Spyro Bera Bera eta Kitmar Ordizia dira premiarik handiena duten bi taldeak, orain arte jokatutako hiru partidak galdu egin baitituzte.

Goierritarrek lehen garaipena erdiesteko aukera paregabea izango dute bihar Trevijanon, Santboiana hartuko baitute 12.00etatik aurrera. Ordu erdi beranduago hasiko du bere neurketa Bera Berak Alcobendas en zelaian, eta hauek ere puntuak batuko balituzte lasaitu ederra hartuko lukete.

Iaz ere tankerako hastapena izan zuten, baina bigarren itzuli bikaina egin zuten. Hala ere, urtero gauzak ez dira berdinak izaten, eta ahalik eta azkarren irabazten hastea komeni zaie.

Ordu berean jokatuko du Getxo Arteak bere neurketa Valladoliden. Horitxoak dira orain arteko euskal talderik onena, baina biharkoa oso partida zaila izango dute. Valladolidek taldea asko indartu du, diru asko gastatu du, Liga irabaztea baita bere helburu nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo