Floren Aoiz idazlea
1997-2007: zerbait aldatu da?
Duela hamar urte espainiar Auzitegi Gorenak Herri Batasunaren Mahai Nazio- naleko kideak epaitu zituen. Jon Idigoras espetxeratu zuten lehenik, 1996an, eta 1997ko otsailean hasi ziren beste atxiloketak. Hainbat aste preso eman ondotik kaleratuak izan ginen, eta urrian, orain dela 10 urte, abiatu zen epaiketa. Uztailean ETAk Miguel Angel Blanco hil zuen, eta espainiar nazionalismoaren uholdeak dena ureztatu nahi zuen. Giro horretan epaitu gintuzten, edo epaitzeko komedia egin zuten, aurretik erabakita baitzegoen zigor politiko hura, horixe baitzen espainiar estatuaren estrategia. Zazpi urteko zigorra argitaratu zuten abenduaren hasieran eta egun guttitan presondegietara eraman gintuzten, 1999ko uztailaren bukaeran Epaitegi Konstituzionalak epaia bertan behera utzita atera ginen arte.
2007ko urri honetan berriz ere Batasunaren zuzendaritzako kideak kartzelatu dituzte. Hamar urte iragan arren, Estatu espainolak joera berdinak errepikatzen ditu. Aitzakia ez dute aldatu: «terrorismoa», baina jauzi bat kausitzen ahal da termino zehatzetan: 1997an ETAri laguntza ematea leporatu ziguten (eta Epaitegi Nagusiak baztertu zuen batzuek mahai gainean jarri zuten kidetzaren akusazioa) eta orain, berriz, ETAkide gisa hartuak izan dira atxilotuak eta, oro har, sumario ezberdinetan auzipetuta gaudenok.
Halaber, orduko kalkuluak errepikatzen ari dira, errepresioak ezker abertzalea ahulduko duela eta zuzendaritzarik gabe utziko duela esaten baitute etengabean.
Aldaketa franko atzematen dira 1997tik, alta. Orduan tokiz kanpo bazegoen errepresioaren inguruko itxaropen hori, orain ederki dakigu denok, aurkakoa aldarrikatzen dutenak barne, hau ez dela deus ere konpontzeko bidea eta finean auzi politikoari aurre egin beharko zaiola, akordio politikoak bilatzeko.
Bi saio egin dira 1997tik konponbidearen bila, eta biek porrot izanik ere, ez dago beste biderik. Nahiz eta oraingo erasoa duela 10 urtekoa baino bortitzagoa izan, ondorioak berdinak izanen dira. Eta dagoeneko 1997ko udazkenean ezker abertzalearen bukaera saldu zutenek ikasia izan beharko lukete hau.