Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Mundu gaixoa
Denok ikusi ditugu irudiak. Denok sentitu dugu higuina eta eskandalizatu egin gara. Baina ez da kasu bakarra, ezta krudelena edo bortitzena ere. Diferentzia bakarra da Bartzelonako metroko kameretan islatuta gelditu zela eta, zelan edo halan, komunikabideek, politikariek eta edozelako esatarik kriston iturria topatu dute euren izaera «demokratikoa» erakusteko edota elkarren kontrako kanpaina egiteko. Hau ez da kasu puntuala izan, baina horren itxura ematen zaio. Inori ez diot entzun oraindino horrelako erasoak eta askoz latzagoak eta «globalizatuagoak» ere eguneroko-eguneroko ogia direnik.
Mundua gero eta gaixoago dago, behintzat eta batez ere, parte «aberatsa». Eta, zoritxarrez, ematen dit niri, Coca-Cola esportatzen dugun legez, jokabide indibidualista, insolidario eta za- paltzaileak ere gero eta gehiago esportatzen ditugula parte «aberatsetik» kanpora ere.
Askotan entzuten diegu adituei gazteek ez daukatela irizpiderik, ezta baliorik ere; ez zaiela irakasten zer dagoen ondo eta zer txarto... Baina kontua da ea zelan erakutsi ahal den ondo eta txarto dagoena, irakatsi behar dutenek ere ez badakite. Eta are txarragoa dena: zergatia ere ez badakite. Zergatik dago txarto arrazista izatea? Zergatik dago txarto matxista izatea? Zergatik dago txarto eskolako kideak jotzea? Haatik eta listo.
Telebistak, politikariek, baita auzoko tabernariak ere zuzena ez dela esaten dute, baina, hala ere, jendartean ez dago ikuspegi orokorrik, ez dago funtsa ideologikorik ganorazko azalpenak emateko. Gure bizitzaren aspektu, jokabide eta norabide guztiak barne hartzen dituen funts ideologikoa esan nahi dut.
Inork ez du status quo hau zalantzan jartzen. Matxista izatea txarto dago, baina inork ez du arraro ikusten amak aitak baino askoz gutxiago irabaztea, ezta aitak berak ere. Eskolako kideei armosurako dirua ostea txarto dago, baina inor ez da eskandalizatzen Ameriketako herrialdeak baliabidez husten ditugunean. Arrazista izatea txarto dago, baina beste herrialde batzuetako umeek egindako baloiekin premiatzen ditugu geure ume zuriak.
Zapaltzaileen eta zapalduen munduan bizi gara: gizonezkoek andrazkoak zapaltzen dituzte, enpresariek langileak, zuriek beltzak, estatuek herriak, demokratek disidenteak... bando batekoa edo bestekoa derrigor izan behar baduzu, nork gura ete du zapaldua izan? Galtzaileetako izatea jaiotzen tokatu bazaizu, beti topatu ahal izango duzu zu baino ahulago den beste baten bat, handiago, boteretsuago, errealizatuago sentitzeko. Izan ere, horretarako suposatzen da gaudela munduan, geurea aurrera ateratzeko, ahal dugun etekin gehiena ateratzeko, lortu ahal ditugun gauzarik onenak eta garestienak lortzeko. Horretarako edozeren eta edonoren gainetik pasatzea zilegia da.
Horregatik kasu hori ez da globaltasunean kokatzen, horrek hainbat galdera ekarriko lituzkeelako. Eta ez da komeni. Gertaera horiek horrelaxe jorratu behar dira: kasu isolatuak balira legez. Lantzean behin atentzioa eman behar da, egoera markatutako mugetatik pasa ez dadin. Azken batean mundu gaixo honen sistemak ondo funtzionatzen du, ezta?