GARA > Idatzia > Ikusmira

Prekarietatearen biktima bat gehiago

Lanean hiru aste zeramatzan langilea, etorkina, emakumea, aldi baterako lana zuena, prestakuntza eskasa jasotakoa. Beharbada atzo Markina-Xemeingo Kautxot SL enpresan lan ezbehar batean hil zen emakume senegaldarra langileen «arrisku talde» batean kokatu beharko litzateke. Baina «arrisku talde» horrek badu beste izen bat, gizarte moderno eta aurreratu batean itsusiagoa dena: prekarietatea. Izan ere, langileen eta gizartearen arazo handi eta larria da eta, haren ondorioz, egoera jasanezina. Ez da nahikoa istripu larriren bat gertatzen denean, ia egunero alegia, alde bateko salaketa eta, bestetik, lan istripuei aurre egitea Administrazioaren lehentasunezko ardura dela esatea. Abian jarritako eta iragarritko plan guztiek ez dute funtzionatzen. Diskurtsoak diskurtso, errealitate setatiak gezurtatu egiten ditu eta, gainera, oinarrizko egia bat ere jartzen du agerian: legea ez dela betetzen, agintariek, lege hori aplikatzeko garaian, ez dutela zorroztasun bera erakusten boteretsuekin eta babesgabeenekin. Atzoko istripua horren erakusgarri tamalgarria da, aurtengo 98.a eta behingoz behar den erabakitasunaz eta berehala heltzen ez bazaio, maiztasun ikaragarrian errepikatuko dena: atzo bertan, Markinako istripuaren berria zabaltzen hasi berria zela, Arabako Araia herrian beste bi langile zauritu ziren Harriko enpresako hobi septiko batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo