GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aguayo guardia zibila omendu zutena, «Txuria» eta «kattu» agurtzea galarazten

Errepresioak hildako 21 hernaniar gogora ekarri, eta omenaldi xumea egin nahi diete gaur, urtero bezala, herritarrek. Lakuak, aldiz, debekua ezarri dio lehenbizikoz hogei urte baino gehiago dituen ekitaldiari. Biktimak ez direnak, ordea, goratzen ditu, baina benetakoak agurtzea galarazi nahi dute.

p018_f01.jpg

Gari MUJIKA

Antonio Aguayo Gimenez guardia zibil ohia Ibarretxe lehendakariaren aurrean laukitu zen eta eskua eman baino lehen, bere orpoak jo zituen agur militar gisa, eta Euskaldunako beirate guztiek burrunba egin zuten». Halaxe zioten joan den apirilaren 23ko egunkari espainol batek baino gehiagok, aurreko egunean Bilboko Euskalduna Jauregian Lakuako Gobernuak «terrorismoaren biktimei» egindako ekitaldi instituzionalaz. Soilik «ETAren biktima» gisa izendatuak goratu zituen orduan Ibarretxeren gobernuak. «Aguayo 1984an Hernanin tirokatu zuten ETAko komando bat desegiteko polizia operazio batean. Geroago bi atentatu gehiago sufritu zituen»; halako goiburuarekin jarraitzen zuten ondotik guardia zibil ohiari buruzko artikuluek. Baina egia egoskorra dela esan ohi da, eta Lakuarentzat Aguayo Gimenez, «ETAren biktima» den guardia zibila, behintzat, poliziakideen pistola tiroen eraginez zauritutako «biktima» besterik ez da, une horiek bizi zituzten hainbat hernaniarren testigantzaren arabera. Aguayo Gimenez kideen tiroek zauritu bazuten ere, Agustin Agirre Txuria, eta Juan Luis Lekuona Kattu, Guardia Zibilak jaurtitako granada baten ondorioz kixkalirik hil ziren. Baina bada egunotan paradoxa larriagorik: Lakuak, orain, Guardia Zibilak hildako hernaniar horiek gogoratzeari debekua ezarri dio; baita Kontxi Santxiz agurtzeari ere, Ertzaintzaren ¯Herrizaingo Sailaren ardurapean¯ karga baten ondorioz zendu zena, alegia.

Elias Minerrek 14 urte zituen 1984ko ekainaren 15ean. Bere anaia Imanolek, aldiz, 8, eta Nekane arrebak, 10 urte. Hernaniko Nafarroa kalean bizi ziren, hots, gau hartan bertan Guardia Zibilaren eta poliziakideen tiroen ondorioz eta granaden zartatzeen ondorioz txikitua gelditu zen etxean. Bertan galdu zuten bizia Txuriak eta Kattuk. Baina nabarmentzekoa da ere polizia operazio horren hastapena: Egun batzuk lehenago Tomas Beroiz errefuxiatuaren emaztea, Maritxu Soraluze, eta Joxe Mari semea Guardia Zibilak atxiloturik egongo bailiran auto batean sartu zituzten eta mendi bazter bateko errekara eraman zituzten. Eva Forestek idatzitako «Diez años de tortura y democracia» liburuan aurki daiteke Soraluzeren testigantza gordina. Guardia zibilek «bañera» deituriko tortura metodoa egin zieten, baina erreka zuloan. Mota guztietako tratu txarrak egin eta, lortu zuten informazioari esker, iritsi ziren guardia zibilak Hernaniko Nafarroa kaleko etxebizitzara ekainaren 15 hartan.

«¡Mecaguen dios, que estoy yo aquí!»

«Etxean zein zegoen begiratu gabe tiroka sartu ziren guardia zibilak etxean. Hamalau urte nituen orduan, eta pistola buruan jarrita Zabarte bertan ote zegoen galdetzen zidaten», gogoratzen du Minerrek, etxetik, bere anaia eta arreba txikiagoekin, kasik arroparik gabe aterarazi zituztela gaineratuz.

«Hiru anai-arreboi, gainera, giza-ezkutu bezala erabili gintuzten. Etxeko plano bat eginarazi ziguten, eta ama anai-arrebok akatu gintuztela esanaz mehatxatzen zuten», dio Elias Minerrek orduko gertaerak gogorarazten. Baina oso argi eta ozen dio orduan zauriturik suertatu zen guardia zibila bere poliziakideen tiroen ondorioz eritu zela. «Etxean, pasilloa banatzen zuten gela batetik bestera ari ziren tiroka guardia zibilak, eta zauritu zutena eurek, bere kideek, zauritu zuten. Eta bere oihuak ere entzun genituen, esanaz «¡Mecaguen Dios, que soy yo! ¡Que estoy yo aquí!».

Ordurako Jesus Mari Zabarte ETAko kidea atxiloturik zuten guardia zibilek; baita etxearen jabe ziren Miner-Villanueva senar-emazteak ere. Garaiko «Punto y Hora» aldizkariak ondo baino hobeto azaldu zuen ordu haietan Hernanin jazotakoa. Kaletik etxera, eta etxe barruan ere, tiroketak etengabeak izan ziren goizeko ordu txikiak arte. Bitar- tean, bere kideek zauritu zuten guardia zibila -deskribapen guztien arabera eta bere testigantzan oinarrituz, soilik Antonio Aguayo Gimenez izan daiteke- etxeko lehio batetik maindire bat eskegiz jaitsi zen kalera; baina ekimen «ikusgarri» hori egin baino lehen, zera idatzi zuen etxeko pareta batean odolarekin: «I love Guardia Civil». Hortik gutxira hainbat esku-granada bota zituzten etxe barrura, eta Txuriaren eta Katturen gorpuak erabat kixkali zituzten.

Aguayo ere Galindoren taldeko kidea

Baina polizia operazioa ez zen horretan gelditu. Orotara hogeita hamar lagun baino gehiago eraman zituzten atxilotuta guardia zibilek. Guztiek tortura basatiak pairatu izana salatu zuten, baina soilik Errenteriako Ildefonso Salazarrek ezarritako salaketak jarraitu zuen aurrera.

Salazar aurretiaz ere birritan atxilotu zuten, guztietan tortura bortitzak salatuta. Baina ordukoa gehiegizkoa-edo irudituko zitzaien antza Madrilen, eta azkenean Fidel del Hoyo Cepeda guardia zibila auzitegiek tortura egitea leporatuta zigortu zuten. Lehenbiziko kasuetakoa izan zen honakoa torturak zirela-medio epaiketara iritsi zena. Hori bai, birritan Gobernu espainolaren indultua jaso zuen eta ez zuten kartzelatu.

Baina, hara hor kasualitatea edota kausalitatea: 1995eko apirilaren 12an, Lasaren eta Zabalaren zerraldoak aurkitu ondotik, «El Mundo» egunkari espainolak Rodriguez Galindo generalaren Intxaurrondoko koarteleko taldea agertzen den argazkia argitaratu zuen. Are esanguratsuagoa da, gainera, argazkian agertzen diren gehienak GAL kasuagatik auzipetu zituztela jakitea; edota argazkia atera zenean (1984ko urriaren 12an), guztiek ohorezko dominak jasotzen ari zirela orduko Kongresu espainoleko presidente Gregorio Peces Barbak parte hartu zuen ekitaldi militarrean. Aipatu argazkian pertsona hauek agertzen dira: Angel Vaquero, Fidel del Hoyo Cepeda (Ildefonso Salazarren torturatzailea), Jose Dominguez, Jose Miguel Alonso, Lorenzo Barez, David Gonzalez, Jose Rancaño, Enrique Dorado, Felipe Bayo Leal, Jose Maria Velazquez, Jose Romero, Alejandro Iglesias eta Antonio Aguayo. Gehienak GAL kasuagatik auzipetu zituzten; tartean agertzen da Ibarretxe lehendakariak apirilean Euskaldunako ekitaldian eskua eman zion guardia zibil ohia; Antonio Aguayo Gimenez, hain zuzen ere.

Baina Hernanin gaur oroitzekoak diren hildakoen artean, badira ere BVEko kide Ignacio Iturbide Alcainek hildako lauzpabost hernaniar ere. 1981ean Donostian atxilotu zuten Iturbide, 1979-1981 urteen artean Hernaniko eta Andoaingo zazpi herritar hil ondoren. 1985ean 231 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zuen bat bera ere bete. 1998an berriro atxilotu zuten, baina aske utzi zuten berriro. 2005ean Segoviako kartzelan zegoen, lapurreta egiteagatik.

2004ko martxoaren 15ean Ertzaintzaren kargaren ondorioz zendutako Kontxi Santxiz ere gogoratu nahi dute gaur hernaniarrek, baina Lakuak ez zituen ez Euskaldunako Jauregian oroimenean izan. Hernaniko herritarrek, ez bairik gabe, bai ordea.

Hernaniko balkoiak eta kaleak dolu-xingoladun ikurrinez betetzeko deia

Hernanin errepresioak hildako 21 euskal herritar daude. Horietatik gehienak, gainera, Estatu terrorismoaerabilita zendutakoak dira; hala nola GAL, BVE edota ATE izen desberdinen bidez heriotzok bere gain hartutakoak. Hogei urte baino gehiago dira euren oroipena xede duen ekitaldia urtero inolako arazorik gabe egiten dena; aurten, ordea, Lakuako Herrizaingo Sailak, Javier Balza buru duenak, debekua ezarri dio; Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ostera, udalerriko balkoiak eta kaleak dolu-xingoladun ikurrinez betetzeko deia egin die herritar guztiei.

Mezu argia eta erraza helarazi nahi izan die udalerri honetako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hernaniarrei: Lakuako Herrizaingo Sailaren debekuaren aurrrean, hernaniarrek herriko balkoietan dolu-xingoladun ikurrinak jartzea eta, era berean, arratsaldean ere ikurrinekin jaistea.

Anartean, gaur goizean prentsa agerraldia egingo dute hainbat hernaniarrek udalerrian, Lakuak urteroko ekitaldiari ezarri dion debekua salatzearren.

Debekua debeku, oroitze ekitaldiak hainbat tokitan ari dira egiten. Joan den astean Zornotzan egin bezala, herenegun Bilboko San Inazio auzoan 1991ean eskuan zerabilen lehergailuak eztanda eginda zentuako Kabi Goitia euskal militantea omendu zuten. Bilboko Deustu auzoan atzo iluntzean egitekoa zen ekitaldiari Madrilek ezarri zion debekua; Ertzaintzaren sei furgoneta bertaratu ziren metrailetak eskuan zituztela. Bigarren deialdi batean, ostera, ehun lagunetik gorako manifestazioa egin zuten Deustuko kaleetan barrena, Ertzaintzaren beste lau furgoneta alboan zituztela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo