GARA > Idatzia > Kultura

Dakumene taldeko Gustavo Gorosito eta Ibon Aguirrek «Ecos» gorpuztuko dute BAD jaialdian

Datorren asteartean Bilborock aretoan eskainiko du formato txikiko «Ecos» ikuskizuna Dakumene euskal-argentinar taldeak. Bertan, espazioa eta denbora betetzen saiatuko da dantzaria, musika lagun.

p055_f01_097x140.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Abian da Bilboko disziplina anitzeko BAD jaialdia; atzo hasi eta azaroaren 4a bitarte. Datorren asteartean, «Ecos» aurkeztuko du bertan Dakemene taldeak, atzokoan aurkeztu zuten dantza eta musika ikuskizuna.

Formato txikiko dantza pieza dugu «Ecos», Gustavo Gorosito dantzariak eta Ibon Aguirre musikariak garatzen dutena. Bertan, Gustavok azaldu zuenez, oroimena eta denboraren arteko jolas bat azaleratzen dute: «Denborak agintzen gaitu sarri, gure gorputza bere egiteraino». Lan fisikoa du obran Gustavok, musika sortzeaz Ibon arduratzen baita. Azken horren arabera, «bada lanean elkarrizketa bat mugimenduaren eta soinuaren artean», aurrez sortutako musika elektronikoa zuzenean moldatzen dugu-eta.

Honakoa bigarren elkarlana dute eta eroso omen dabiltza buruz buru oholtza gainean.

«Ecos» dantza lana aurkeztu ez ezik, erakustaldia egin zuen bikoteak zuzenean. Bertan, goitik behera jantzita eta oinutsik, goitik behera astindu zuen gorputza, tarteka iman batek erakarriko edo haizeak bultzatuko balu bezala, bestetan gorputz atalek enborretik ihes egin nahiko baliote bezala mugituz.

Gustavo Gorosita obraren sortzaile eta antzezlea eta Ibon Aguirre soinu-diseinatzailearekin batera, Maria Victoria Alvarez Mugicak koreografia-laguntzaile eta argiztatzaile eta Andrea Suarezek argazkilari lanean osatzen dute hogeita bost minutuko iraupena duen obraren lantaldea.

Argentinar bi, dantzari

Buenos Aireseko Maria Victoria Álvarez Múgicak eta Alvaro Gorositok 2004an sortu zuten Dakumene antzerki eta dantza taldea. Iaz sortu zuten lehen pieza, «... donde golpean la puerta y uno sabe que es el lechero...».

Lanak Argentinako diktadura militarraren inguruko hausnarketa egiten du, baita dantzari biek egun Europan duten etorkin egoeraz ere. Lanak Eduardo Alibertiren «Mala Junta» dokumentalean eta Gelman, Benedetti eta Galeanoren testuetan du oinarri.

Formato txikiagokoa da bigarrena, Ibon Aguirreren aurreneko partaidetza duen «Hueco».

Gaur, lau aukera beste horrenbeste espaziotan. Arriagan «Marat Sade» ikuskizuna, bigarren eta azken egunez. Eromena eta antzerkia, gizarte iraultza eta norbanakoaren askatasuna eztabaidan, Sadeko markesa eta Maraten heriotza uztartuz; Alfonso Sastreren bertsioan. Bilborocken Joclecio Azevedo portugesak «Apesar das evidências» performance hitzaldia emango du eta La Fundicion aretoak Hiroaki Umeda japoniar koreografo eta dantzariaren «Duo-While Going To A Condition» lana. Bukatzeko, El Canto de la Cabra madrildar taldeak «Trece años sin aceitunas» antzeztuko du La Merced aretoan.

Golden Apple Quartet, serio demonio

Donostiar abeslari laukote komikoak ikuskizun berria eskainiko du bihar Arriaga antzokian.

«Los Golden en serio» hogeita bat astez beste horrenbeste hiritan antzeztuko dute, hori baita taldeak oholtza gainean daraman urte kopurua, 1986an lagun baten ezkontzan abesteko elkartu zirenetik.

Kike Otxoa, Loyola Garmendia, Edu Errondosoro eta Manu Romano lagunek osatzen dute taldea. Ikuskizun berriak Carlos Zabalaren gidoi bat du oinarri, Patxi Barcorena du zuzendaritza eta Edi Naudorena, berriz, eszenografia. Bihar, 20.00etan, 6/18 eurotan.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo