GARA > Idatzia > Herri-kirolak

AIZKORA Desafioa

Joseba Otaegi eta Jon Rekondo abenduan neurtuko dira Tolosako zezen-plazan

J.L. | TOLOSA

Joseba Otaegi eta Jon Rekondo abenduaren 23an neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Zizurkildarrak luzatu zuen apustua egiteko deia, eta atzo batu ziren Tolosan desafio hori baieztatzeko asmoarekin.

Bi aizkolariak joan ziren kontratoa sinatzeko asmoarekin, eta ez zuten eztabaida handiegirik izan adostasuna lortzeko. Abenduaren 23an neurtuko dira Tolosan, eta aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu. Kana-erdikoak Jon Rekondok plazaratuko ditu, eta 60 ontzakoak, berriz, Joseba Otaegik eraman beharko ditu. Aizkolari bakoitzak 4.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Otaegi eta Rekondo, biak dira gazteak. Lehenengoa Zizurkilgoa da, eta bigarrena, berriz, Leitzakoa. Biak dabiltza maila onean, eta bi herriek Tolosa erdian harrapatzen dutenez, pentsatzekoa da, zezen-plazako harmailek sarrera bikaina izango dutela egun horretan.

Bi aizkolariek egin dutenari atzera begira jarrita, Otaegik aurten Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela irabazi du. Rekondok, aldiz, Bigarren Mailari eutsi egin dio, baina kanporaketan zaleek uste zutena baino maila kaskarragoa eman zuen. «Inoiz egin dudan saiorik eskasena izango zen», esan zuen leitzarrak kanporaketa amaitu ostean.

Bi aizkolari horiek final batean buruz buru ere neurtuta daude. Orain dela bi urteko Urrezko Aizkoran izan ziren, 23 urtez azpikoetan neurtu ziren. Orduan Rekondo zen faboritoa, baina Otaegik irabazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo