GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Harri handien finala

Irigoien eta Landarbide bakarrik arituko dira txapelaren lehian

Joseba Ostolatza ere aritzekoa zen, baina zestoarrak min hartu eta, ez dela lehian arituko ez dela eman du ezagutzera

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoien eta Agustin Arruti Landarbide arituko dira Euskal Herriko harri handien finalean. Norgehiagoka bihar jokatuko da Amurrion, Berueta kiroldegian, 12.00etan hasita.

Hasiera batean Joseba Ostolatza ere izatekoa zen, baina zestoarrak min hartu duela, eta ezin dela aritu argudiatu du, eta hori baieztatzeko ere sendagilearen txostena agertu du. Hala, ez da Amurrion izango.

Arautegiaren arabera, final jokatzeko gutxienez hiru izan behar dira, baina final hau jokatzeko dena prest zegoenez, eta geratzen ziren biak ere jokatzeko prest agertu direnez, azkenean egitea erabaki dute, eta egin egingo dute.

Hala ere, finala tristea izango da. Bi bakarrik gutxi direlako, eta bestetik bi kirolarien artean aldea dagoelako. Hasi aurretik, eta ezeren okerrik ez dela, postuak ia erabakita daude, eta emozio falta hori ere ez da ona.

Aimar Irigoien da egungo txapelduna, harri handiekin ez ezik, txikiekin ere, eta zerbait gertatzen ez baldin bazaio, berriro ere harri handietan txapelarekin jarraituko du. Hori berak ere badaki, eta bihar eramango duen asmoa, Goenatxok txapelketa horretan duen marka hobetzea izango da. Azkoitiarrak 8.950 kilo dauzka jasota 1999. urtean Iekoran, eta hori ontzea edo erabiliko dituzten harriekin marka jartzea izango da asmoa. Orduan, Goenatxok 10 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 14 zilindroari, 15 kubikoari eta 18 bolari.

Landarbidek, berriz, badaki zerbait gertatu ezean, bigarren geratu beharko duela, baina lan ona bat egitea, eta orain arte lehiaketa honetan egin duena ontzera joango da Amurriora. Bi bakarrik dira, eta eskertzekoa da, biek jarri dituzten helburuak. Hala, gutxienez, emozioari eutsi egin nahi die, eta zaleei ikuskizun eder bat eman, eta hori bai errezildarrari bai eta aiarrari ere eskertu egin behar zaie.

Kirolariek lau harri erabili beharko dituzte lehiaketa honetan, beti egiten den moduan. Hasteko, 175 kiloko edo 200eko harri errektangeluarrarekin aritu beharko dute. Ondoren 200 edo 175eko harri zilindroa izango dute aurrez aurre, aurretik erabilitakoaren arabera. Hirugarrengoan, 150eko kubikoa erabili beharko dute, eta azkenik, 125eko bolarekin aritu beharko dute. Bakoitzarekin hiru minutu izango dituzte lanerako.

Saiakera

Aimar Irigoien da faboritoa, eta bere ilusioa da, txapela lortzeaz gain, 1999. urtean Goenatxok egin zuen marka ontzea. Azkoitiarrak 8.950 kilo jaso zituen

Jaizubiak, Ligan egindakoa errepikatu nahi du Euskal Herrikoan ere

Euskal Herriko harri-zulatzaileen finala jokatuko da bihar Galdamesen 13.30etik aurrera. Bertan, Euskal Herriko Ligan aritu ziren sei onenak izango dira.

Honako hauek dira: Jaizubia, Txorierri, Galdames, Trapagaran, Aldai Alde eta Ortuella. Jaizubia izan zen jaun eta jabe Ligan, eta bakarka ere, talde horretako Joseba Berridik lortu du garaipena.

Beraz, gipuzkoarrak izango dira txapela lortzeko faboritoak ere, baina horretarako urte osoan erakutsi duten maila errepikatu beharko dute.

Lana, Ligakoa bezalakoa izango da. Taldeak hiru lagunez osatuta egongo dira, eta horri laguntzaile bat ere gehitu beharko zaio. Ordu erdia izango dute, harri gainean ahalik eta zulorik gehien egin ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo