GARA > Idatzia > Kultura

«Hizkuntzaren Ingenieritzako produktuen industria bultzatzea izan behar da estrategia»

Andoni Sagarnak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta 26. zenbakia duen domina jaso zituen atzo Miramongo Parke Teknologikoan egin zuten ekitaldian.

p056_f01_138x104.jpg

GARA | DONOSTIA

«Euskara eta Informazioaren Teknologiak. Egungo egoeratik etorkizunera begira» izeneko sarrera-hitzaldia irakurri zuen Sagarnak.

Hizkuntzaren eta teknologiaren arteko harremanez hitz egin zuen bere berbaldian. Inguru gero eta konplexuago baten baitan euskararen garapena zertan den aipagai izan zuen eta orain arte izan diren aurrerapenak onartuta etorkizunera begira jarri zen. Hala, bada, web 3.0 edo web semantikoaren garrantzi estrategikoaz aritu zen. Izan ere, horren bitartez, teknologia eraikitzeko modua goitik behera aldatuko da. «Orain -azaldu zuen- hitzak eta esaldiak karaktere-katea gisa tratatzen dira eta ez haiek duten esanahiaz baliatuz. Web 3.0 edo web semantikoa deritzonean, berriz, erabiltzaileek esanahian oinarritutako interakzioak izango dituzte». Errentagarritasuna aurrerapenen zabalkundearen eragile nagusietako bat izanik, Andoni Sagarnak zera galdetu zuen: «Zer gertatuko da teknologia horiek hizkuntza batzuetan bakarrik erabil badaitezke? Jokoz kanpo geratzen diren hizkuntzak ez dira praktikoak gertatuko eta hainbat esparrutatik kanpora geratuko dira. Web semantikorako ez badugu euskara prestatzen, gizarte digitalaren Harri Aroan geratuko gara».

Euskara datorren munduan

«Ez dugu lortu oraindik ustiapen industrial eta komertzial errentagarririk Hizkuntzaren Ingeniaritzan -jarraitu zuen-. Gehiago esango dut: zail ikusten dut hori lortzea planteamendu batzuk ez baditugu aldatzen. Euskara erabilera murritzeko hizkuntza izatea oztopo larria da. Horrek, jakina, asko baldintzatzen du aipatu dudan errentagarritasunaren arazoa». «Dagoeneko metatua dugun jakintzan eta praktikan oinarrituz, Hizkuntzaren Ingeniaritzako produktuen eta zerbitzuen industria bultzatzea izan behar du estrategia, hedadura handiko hizkuntzen merkatuetan errentagarritasuna bilatzeko, bide batez, euskarak datorren munduan bizirik irauteko beharrezkoak izango dituen tresnak lantzeko», iritzi dio.

Corpus ahalik eta osatuena lantzea ezinbestekotzat jo zuen euskaltzain oso berriak eta Euskaltzaindiaren esku-hartzea oso garrantzizko jo zuen.

Torrealdai eta Oñederra, euskaltzain urgazlegai

Euskaltzaindiak Donostian egin zuen atzoko osoko bilkuran, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain urgazleak proposatu zituzten euskaltzain oso izateko, 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak betetzeko.

Hogeita bederatzigarren zenbaki-hutsartea betetzeko, Joan Mari Torrealdai euskaltzain urgazlea proposatu dute Jose Antonio Arana Martixa, Miren Azkarate eta Andres Urrutia euskaltzain osoek. 30. zenbaki-hutsartea betetzeko, berriz, Lourdes Oñederra euskaltzain urgazlea proposatu dute Henrike Knörr, Xabier Kintana eta Pello Salaburu euskaltzain osoek.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo