«Ez dakigu zer eta nor dagoen atzean, baina kaltetuak umeak dira»
Reims-Vatryko aireportuan gaua eman ondoren, Pariserako bidean trenez joaten zela hitz egin zuen GARAk Maite Bergararekin. Lekorneko irakaslea beste ehun bat lagunekin batera, Darfurreko umeak gerratik aldentzeko Arche de Zoe-k sustaturiko ekimenaren laguntzaile da.
Noiz eta nola jakin zenuten boluntarioak eta umeak Txadetik ezin zutela atera?
Aireportuan ginen eta telefonoz erran ziguten arazoak zirela, susmo zutela laster atxilotuko zituztela eta hala gertatu zen. Bost minutu falta ziren hegazkina hartzeko eta era bortitzean hartu zituzten. Prentsak nabarmendu du umeak beldurtu zirela. Baina hori izan zen boztizki atzeman zituztelako azken hilabeteotan beraiekin oso harreman estua izan dituzten pertsonak. Erran digute umeak filmatu dituztela negarrez; gure aurkako irudi txarra zabaltzeko?
Zenbat euskaldun zineten umeak etortzeko zain?
Orotara sei bat familiak azaldu genuen ekimen honetan partze hartzeko gogoa. Izan ere, hasieran 300 ume etorri behar ziren eta 103 soilik etorri, eta horregatik hegaldi honetan ez genuen espero Euskal Herrira etortzeko ziren haurrak. Hala ere, euskal familia bi joan gara aireportura laguntasuna azaltzeko beste gurasoei.
Nola sentitu zarete azken orduotako guztia entzunda?
Gezur handiak esan dituzte, guztiz desitxuratu nahi dute ekimen humanitarioa. Haiek badakite hemen ez dagoela adopzio sare ilun bat. Badakite geu prest ginela ume horiek hartzeko baina betiere errefuxiatu estatusa aldarrikatzeko. Horixe ezkutatu nahi izan dute, baina hori da, hain zuzen ere, arazo honen funtsa.
Espreski aipatu dute umeen jasotzaileek dirua eman duzuela. Nolabait salerosketa kutsua hartu du kasuak...
Hori oso latza da. Esan behar da familiei ez zaiela dirurik eskatu. Noski, bidaia garestia da eta laguntza behar zen. Horri begira elkartasun sare bat antolatu dugu gure inguruen laguntzaz. Hala, dirua biltzearekin batera, Darfurreko umeekiko elkartasuna zabaldu dugu, gure kasuan Euskal Herrian.
Zer-nolako aukerak dituzue aurrera begira? Zein da zuen kezka nagusia?
Gure buruak han direnekin dira. Oraingoan (atzo arratsaldean) Txadeko enbaxadara goaz. Bertara goaz lehenengo bilera bat egiteko eta gure asmoa da gelaren bat aurkitu familia guztiak elkarrekin izateko. Txaden atxilotuta dauden bi lagunen emazte, beste alde batetik, frantziar Atzerri Ministeriora abiatu dira, beraiek egin behar baitute behar den guztia pertsona horiek ahal den eta azkarren aske eta etxean izan dadila.
Umeen berririk al duzue?
Gobernuaren menpe dagoen zentro batera eraman dituzte. Bihozmin handia dugu. Azken hilabetean elkarrekin izan dira guztiak, eta aurrerapauso handiak eman dituzte. Eri zirenak hobetzeko bideak eta, psikologikoki ere, lasaiago, berriz ere jolasteko eta irri egiteko gogoa berreskuratzen hasi ziren... Ez dakigu zer edo nor dagoen hau guztiaren atzean, baina beraiek dira kalte gehien jasoko dutena. Itzultzailearen laguntzaz ulertarazi zieten bere herritik kanpo joanen zirela baina, ez beren artean, ez eta beren herriarekin ere ez zela haria puskatuko. Alde horretatik, pozik omen zeuden, urduri zeuden, etortzeko gogoarekin...
Darfurrera itzuliko dira?
Umezurtz dira ume hauek eta, seguruenik, inork ez ditu erreklamatuko. Bere familia hil da eta segur aski zentro horretan jarraituko dute. Akaso Unicef edo halako erakunde batek hartuko ditu bere gain...
Aukerarik al dago oraindik ere zuekin izateko?
Zaila da zer gertatuko den jakitea. Oraindik ez dugu guztiz barneratu hau guztia. Oso arraroa da gertatu dena. Bi hilabetez Txadeko agintariekin sostenguz aritu gara lanean. Darfurretik atera eta Txadera abiatu ziren umeak. Denbora horretan bertako gobernuaren begiradapean egin dute dena: eri ziren umeak zaindu, prestaketa psikologikoa egin, burokrazia... Orain arte ez zen horrelako zerbait gerta zitekeela sumatzen.
Parisek bere antzineko kolonietan duen itzal luzea ikusten al duzue?
Zaila da zer eta nor dagoen. Baina argi dagoena da gauza ulertezin asko dagoela auzi honetan.