GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herriko barnealdea eta kostaldea nola uztartu aztergai

Ipar Euskal Herriko lurraldeen arteko desoreka ez da berria. Egoerari aurre egin eta konponbideak bilatzeko mintegia antolatu du Hemen elkarteak azaroaren 10ean. Hautetsi eta ekonomia alorreko adituen ekarpenez gain, hiritarrenak ere beharrezkotzat jo ditu Hemenek.

Arantxa MANTEROLA |

Azken urteotan mahai gainean dagoen gaia da Ipar Euskal Herriko barnealdearen eta kostaldearen arteko osagarritasun eta uztarketaren premia, baita alor ekonomikoan ere. Aspaldiko eztabaidari bultzada ekintzailea ematearren, Hemen elkarteak mintegia antolatu du azaroaren 10ean, hainbat erakunde eta enpresari talderekin elkarlanean.

Enpresen migrazioa barnealdetik kostaldera, populazio hustuketa, bizigune handietatik hurbil dauden herriak «logune» bilakatzeko joera, barnealdeak kostaldeari egiten dion eta egin diezaiokeen ekarpena (askotan soilik alde bakarrekotzat hartzen dena), lurraldeak orekatzeko premia, herri txikiek jarduera ekonomikoari eskaintzen dioten lur-eremu eskasa... gai horiek guztiak izanen dira hizpide.

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan (MIG) egingo da jardunaldia eta gizarte osoari dago irekita, ez bakarrik esparru ekonomiko, finantzario eta politikoetako ordezkariei.

Goizeko zortzi eta erdietatik goiti, Xabier Itçaina Bordeleko Politika Zientzia Institutuko irakasleak lurralde antolakuntzaz eta tokiko garapenaz hitz egingo du. Jarraian, Ramuntxo Camblong ingeniariak Gipuzkoako barnealdeko bailaretako esperientzia azalduko du.

Bi mahainguru

Hamarrak inguruan barnealdean instalatzeko eta garatzeko erronkari buruzko mahaingurua hasiko da. Barnealdeko enpresa-buruez gain, hainbat banketxe arduradunek ere hartuko dute parte. Jarraian, eztabaida irekia egingo da.

Bazkalostean, bigarren gaiari helduko diote: kostaldearen eta barnealdearen artean benetako osagarritasuna eta elkartasuna lortzeko abian jarri beharreko bitartekoak. MIGeko aretoak lotura zuzena izanen du bideokonferentzia bidez Maulerekin. Bertan, lantegi buruak eta hautetsiak izango dira.

Barnealdeko ekonomiaren geroa eta kostaldekoa erabat uztarturik daudela nabarmenduta, Ipar Euskal Herriko etorkizunaz kezka duen orori dei egin diote antolatzaileek «gogoeta sakondu eta konponbideak atzematen laguntzeko».

eragile ANDANA

Hemenekin batera beste 15 eragilek bultzatu dute mintegia. Baionatik eta Mauletik arituko dira parte hartzaileak. Horien artean hautetsiak eta banketxetako eta enpresetako buruak izango dira. Xehetasun gehiago, www.hemen-herrikoa.org webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo