GARA > Idatzia > Tau

Euroligako bigarren jardunaldia

Atzoko oroitzapenak , egungo beharrak eta biharko lezioa

Gasteiztarrek lehen garaipena eskuratu nahi dute Virtusen aurka orain dela sei urteko final gogoangarria alde batera uzteko asmoz.

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

90-91 denboraldiko final gogoangarriko oroitzapen gazi-gozoak, Top-16rako sailkatzeko gaur irabazi beharra, eta aurkariak azken urteotan bizi izandakotik ikasi beharra; denak uztartuko ditu gaurko Tau Baskonia eta Virtus Boloniaren arteko partidak. Izan ere, talde italiarrak kirolaren bi aldeak ikusi ditu oso urte gutxian, eta honek zer pentsatua eman beharko lieke Gasteizko taldearen zaleei.

Hamarkada honen hasieran, eta Ettore Messinaren aginduetara, Ginobili, Jaric, Rigaudeau, Somdis, Andersen eta abarrek, Europako talderik indartsuena osatu zuten. Hala irabazi zuten Europako finala gasteiztarren aurka. Hala ere, urte horietan pilatutako zorrak garesti ordaindu behar izan ditu, Italiako bigarren mailan ere aritu behar izan baitu. Gaur egun, pixkanaka-pixkanaka burua altxatzen ari dela ematen du, baina behinola izandakotik oso urruti dago oraindik, eta iaz Italiako txapeldunorde izan arren, helburu handiegirik gabe itzuli da Euroligara Virtus.

Gaur egungo proiektuan, kanpoaldean jokatzen duten estatubatuarrak dira Pillastrini entrenatzaile berriak osatutako talde berriaren ardatza. Denen artean Alan Anderson hegalekoa da jokalaririk arriskutsuena. Aurreko astean Zalgiris Kaunasen aurka jokatutako partidan, esaterako, 28 puntu egin zituen. Will Conroy eta Spencer ere kontuan hartzeko moduko jokalariak dira, baita Giovannoni brasildarra ere. Barrualdeko jokoan ez dute saskiratzaile handirik, eta lan zikina egitera mugatu ohi dira. Jokamolderari dagokionean, defentsa lan zorrotza egiteko zailtasuna dauka talde italiarrak, hortik etorri beharko luke, beraz, Baskoniaren garaipenak.

Garaipena eskuratzeko, Neven Spahija entrenatzaileak, Baskoniak jokoan «jarraikortasun» handiagoa izan behar duela nabarmendu zuen, eta haren hitzetan, «gutxienez iragan igandean Mahonen izandako joko maila izan beharko genuke». Kroaziarraren iritziz, garaipenaren giltza gasteiztarrek beren jokoa egitean datza.

Scolak debut grisa

Bitartean, Luis Scolak amestutakoa baino askoz debut grisagoa izan zuen NBAn. Argentinarrak zortzi minutuz jokatu zuen eta ez zuen jaurtiketa bakar bat egin.

 
BASKONIA-VIRTUS B
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo