GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Azkueren ipuin bilduma» uhinetan, Arrakalaren eskutik

Azkueren «Euskalerriaren Yakintza» liburuko 238 ipuinak irrati formatura itzuli ditu berriki Arrakalak. Hiru urteko lanaren ondoren, Lekeitioko hedabidea gustura dago emaitzarekin eta, batez ere, euskalkiekiko leialtasuna gorde dutela nabarmendu du.

p058_f02_94x81.jpg

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Liburutegietako apaletatik atera eta irratiko uhinetara eraman ditu Lekeitioko Arrakala irratiak Resurreccion Maria de Azkueren ipuinak. Hiru urteko lana eman die itzulpena egiteak eta helburua jatorrizko euskalkiaren araberako irakurketa dramatizatuak egitea izan da, «Euskalerriaren Yakintza» liburuko (1910 inguruan argitaratutako lau liburukik osatuta dago) 238 ipuinak oinarri hartuta.

«Azkueren ipuin bilduma» izendatu dute ekoizpena eta Oier Gorosabel Arrakalako kidea izan da proiektuaren gidari aritu dena. Azaldu duenez, «Azkueren liburu sortatik, guztira lau ale baitira, bat hartu genuen, ipuinak soilik jasotzen dituena. Hau izan da ekoizpen honetarako erabili dugun oinarria». Azkuek jatorrizko euskalkiak errespetatuz jaso zituen kontakizunak eta Lekeitioko irratiak ere leialtasun hori gorde nahi izan duela azaldu du. «Guretzat zentzua hala zeukaten, Azkuek errespetatu zituen euskalkiak eta geuk ere hala egin dugu. Guretzat errazagoa izango zen Lekeitioko mintzairara itzultzea edo batura, denek ongi ulertzeko, baina euskalkiak errespetatuz irratira eramatea askoz aberatsagoa dela uste dugu», adierazi du Gorosabelek.

Ekoizpenarekin hasi ziren unetik ipuinak amaitu ahala irratiratzen joan badira ere, orain amaitu berri dute sorta osoa eta formatu berria ere eman dietela azaldu du. Beste irratiek ere beren saio-zerrendetan sartu ahal izan ditzaten, Arrosa Sarean zintzilikatu eta euskalkiaren arabera sailkatu dituztela agertu du. Ipuinen iraupena batetik bestera dezente aldatzen denez, lau multzotan banatu dituzte: 1-5 minutuko 149 ale, 5-10 minutuko 80 ipuin, 10-15 minutuko iraupena duten zortzi eta 26 minutuko kontakizun bat.

Gaiei dagokienez, zati handi bat sorginen gaineko ipuinek hartu dute, baina tartean ba omen dira umorezko ipuinak ere. «Honek harritzen du gehien, garaiko umorean oinarritzen baita, eta haientzat grazia zuten zenbait gauzarekin guk ez dugu barrerik egiten. Bitxia da oso». Arrakalan, ipuinak asteazkenetan (21.00etan) eta igandeetan (21.30ean) daude entzungai, eta Arrosako irrati gehienetan ere ematen dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo