GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Pilotaria»

Ines INTXAUSTI, Telebista kritikaria

EITBkoak ausartu dira behingoz lehenengo katean «Goenkale»ren erreinu erdian beste telesail bat sartzen. Igande gauero ematen dute, eta hori argi eta garbi ausardia dugu, maiteok. Igande gaua oso telebistarako oso egokia da. Gehienak etxean izaten gara asteleheneko ordu txikien esperoan, eta bitartean -bitartean, jakina-, apika telebista piztuko dugu.

Badira urte batzuk kate guztiak igande gauak umoreari eskaintzen hasi zirela. EITBkoek, berriz, azkar ikasten dute, eta ondo dakite ez dagoela ezer barregarriagorik igandeetako ikus-entzule kopurua baino. Oinarritik hartuta guztiz agertoki aproposa aukeratu dute. Frontoia. Ez dago leku osasuntsuagorik, ezta? Izerdia, kirola, grina, desioa, garaipena, malkoak, zaletasuna...

Orain dela lau hamarkada «Dr. Gannon» Ipar Amerikako gazteei medikuntza ikasarazteko ekoitzi bazuten, gaur EITBko «Pilotaria» gure neska-mutilak lau paretetan sartzeko etorri omen zaigu. Ala ez. Baina argi eta garbi dago saioaren castingak aurpegi fresko eta arrunt anitz erakusten dituela ikus-entzule kopuruaren masarekin bat etortzeko soilik.

Eta nahi gabe, haratago ere joan dira. Oso urrun. «Pilotaria»n doppingaz aritu dira ia lehenengo ataletik. Bigarren mezu morala gure gazteriarentzat. Mikel Goñi izan nahi baduzu, ez saiatu Mikel Goñi izaten. Kontraesan zilegi eta petoa. Argi dago teknikoki askoz ere zailagoa litzatekeela txirrindularien munduan sartzea gai erregarri hau ikutzeko orduan. Eta dopina garbiago dago bizikleta gainean. Nahiko nuke nik neuk ere eritropoietina egunero, izorratu gaitu maiatzak...

«Pilotaria»n, berriz, EPO «Euskal Pilotari Ona» azaldu beharrekoa dugu. Berak ez du nahi, baina albokoek nahi gabe sartzen diote materia. Egia erran, nahiko erreala zein sinestezina da hori. Baina, egia ez da esan behar telebistan. Gidoigileek ondo dakite hori. Zuria dena garden bihurtzen dute. Eta, gainera, gizartearentzat guztiz debekatuta dagoena ere frontoietan libre da: txokor bukaezinak erretzea eta albokoa kez bafatu eta kirastea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo