Petrolioaren goranzko joera etengabea
Petrolioaren prezioak goranzko norabideari jarraitzen dio, muga historikoak gaindituz. Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) arabera, petrolio eskari gero eta handiagoa da petrolioaren prezioen gaineko presio horren kausa; Txina eta Indiaren eskaera, zehazki. Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) dioenez, berriz, ez dago ekoizpen arazorik, merkatua ondo hornituta dago eta prezioen goranzko lasterketaren kausa espekulazioa da neurri handian. Erakunde horretako herrialde bateko presidenteak, Venezuelakoak, hain zuzen, joera horren beste kausa bat seinalatu zuen: Amerikako Estatu Batuek herrialde petroliodunei mehatxu egin eta egonkortasuna galaraztea. Eta, izan ere, ez da zaila petrolioaren goranzko joera eta AEBen azken urteotako esku-hartzeak lotzea. Adituek ere, aste honetako igoera, dolarraren ahultasuna eta AEBetako erreserben jaitsiera aipatu badituzte ere, ez diete begirik kentzen faktore geopolitikoei: egunotan Turkiaren eta Iraken arteko Kurdistanen pilatu den tentsioari eta azkenaldion nazioarteko komunitateak, batez ere AEBek, Iranen kontra egindako mehatxuei.
Ez du kausa bakarra, beraz, noraino iritsiko den inork ez dakien etengabeko igoera honek; bat egiten dute faktore estrukturalek eta egoeraren araberakoek. Orain Nazioarteko Energia Agentziak ekonomia globala moteldu litekeela dio. Baina adituek hitz lasaigariak dituzte, gaur egun ekonomiak horrelako desorekei ondo eusten diela esanez. Ekonomia globala, abidadura bizian zein motelean, ondo doala esaten dutenean, herrialde aberatsetan ondo doala esan nahi dute, eta herrialde horietan askotan inflazioa eta «desorekak» oro har ekonomia bide onetik doan seinale izaten dira. Baina herritar gehienek, oraintxe bezala, nabaritu egiten dituzte, ekonomiaren «martxa ona» ez bezala. Petrolioa bezala gainerako lehengaiak ere neurri gabe igotzea kausa askoren ondorio da, baina kausa horien atzean interes ilunak daude, botere goseari lotutako interesak, alegia. Ekonomiaren martxa ona merkatuaren «gorabehera normal» hauek eragiten dituztenek nabaritzen dute.