Mikel Aramendi Kazetaria
Mila milioi dolarreko apustua
Urtebete falta da. Estatu Batuetako lehendakari berria, berrogeita laugarrena, izango dugu hizpide gaur urtebete mundu osoko hedabideek. Eta bitarteko albiste-gai nagusia ere bertsua izango dela aurresatea ez da gehiegikeria izango. Nahitara ala nahi gabe, Inperioaren parte izatearen morrontzak dira.
Albistearen subjektua nor ez den izango da argiena: Bush, egungo lehendakariak ezin du aurkeztu, legez; eta Cheneyk ere muzin egin dio lehian sartzeari. Bien artean Iraken egin dutena eginda, ez zaio harrigarria egin inori. Beraz, aspaldiko hamarkadetan gertatzen ez zen bezala, incumbent bakarra ere gabeko lehia izango da 2008koa Estatu Batuetan. Hautagai guztiak «berriak», beraz. Lehendakaritzarako lehia horretan bakarrik, ordea. Politikaren hamaika zokotan zaildutakoak ikusten baitira abiapuntuan: Hillary Rodham Clinton, John Edwards, Barack Obama... demokraten aldetik; Rudy Giuliani, John McCain, Mitt Romney... errepublikarrenetik. Nolabaiteko posibilitateak dituztenak soilik aipatzearren.
Ez da informazio iturri berezirik eduki behar hautagaien «sinesgarritasun» hori neurtzeko, gainera. Michael Toner, Hauteskundeetarako Batzorde Federalaren buruak duela kasik urtebete adierazi zuena gogoratzea nahikoa da: aintzakotzat hartua izan dadin, edozein hautagaik 100 milioi dolar bilduta eduki beharko ditu aurtengo urtea amaitu aurretik. Une honetan, Hillary Rodham eta Barack Obama egongo lirateke marra hori gainditzeko tenorean demokraten aldetik, eta Romney eta Giuliani errepublikarren esparruan. Ez du ematen Edwardsek ez McCainek halakorik lor dezaketenik (gehientsuenek jakintzat ematen dutelako, besteak beste, 2004an bezala demokraten lehendakariorde-gaia izatea dela Edwardsen benetako helmuga).
Hasierako txanparako besterik ez da dirutza hori, ordea. «$1 billion election» izango dela datorren urtekoa diote aurreikuspen guztiek. Alegia, errepublikarrek nahiz demokratek mila milioi dolar xahutu beharko dituztela Etxe Zuriko apopilo izateko. Aurrekoan bien artean xahutu zutena adina bakoitzak, beraz.
Apustu handiegia da norbanakorik aberatsenarentzat ere (Michael Bloomberg, New Yorkeko alkate independentaren kasua izan daiteke). Eta, batez ere, apustu garestiegia da lehia ideien eta egitasmoen arlokoa izan daitekeela pentsatzeko.