GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Instituzioen gezurren aurrean, urrats baikorrak

Gurean debatea aitzina doa. Urte hondar honetan zabaltzen ari diren publikoarekiko mezuak oso baikorrak dira, eta kontraste egiten dute instituzioetatik heldu den propaganda horrekiko

Bertan behera utzi omen dute Nafarroa eta Nafarroa Beherea lotu behar zituen bide berriaren proiektua. Bortitza da hautetsi nagusiek erraten dutena askotan gezurra izaten dela azaltzea; alta, gezur horiek antolatuak eta poliki erranak direlarik ere, askotan errealitateak frogatzen digu hori horrela dela. Leia ez da fidatzen. Instituzioek propaganda lana egiten ikasi dute, interesatzen zaien proiektuen pasarazteko. Une honetan, Leiaren lana oso eraginkorra izan dela ikusi dute; ondorioz, badakite zaila litzatekeela horrelako proiektuaren aitzinean boz emaileen oniritziaren lortzea. Ondorioz, Kontseilu Nagusiak atzera egiten du. Zuhurtziaz,eta proiektua besopean gordez.

Ez baitira instituzioetan ari diren hautetsiek erraten dutenaren jarraitzeko garaiak. Izan ere, Gobernu burutik erraten zaigularik lan gehiago egin behar dela gehiagoren irabazteko, ikusten dugu presidentearen sariaren emendatzeko bozka egin dela, oihartzunik gabe. Alegia, frantses Gobernuaren buruaren hilabete saria zortzi mila eurotik hemeretzi milara pasatu dela. Bestalde, erretreten inguruko debatea bete-betean ari delarik, auzitegien hetsieraren inposatzeko Gobernua prest agertu da epaileen erretreta berrogeita hamabost urteetan emateko, orain arte azaltzen zelarik horren gaztearen hartzeko posibilitatea begiratzen zela lanaren zailtasunaren arabera. Etxebizitzaren inguruan plan erraldoiak agindu ziren, laugarren aldikotz kanpoan lo egitera behartuak aurkitzen diren familiei erantzuteko; gaurko Gobernuak berriz ere familien kanporatzeko poliziak igorri ditu. Frantziaren eremu mugiezinak erakusteko, baina zentralismoarekin bukatu nahi dela sinestarazteko, Ministro Kontseilu berriak antolatu dituzte barneko kolonietan. Alsazian egon ondotik, Kortsikara joan dira, bertan bi mila polizia mobilizatuz. Jendearengandik hurbilago egoteko omen. Agertu da ez dutela bertakorik ikusi ere, propagandaren egiteko ideiarekin.

Horiek dira nahas-mahas frantses Gobernuak eraman dituen ekintza nagusiak. Non dago koherentzia? Ekintza mediatikoan eta prentsak ematen dien oihartzunean. Prentsa nagusiaren azaletan, ez da sekulan honenbeste espaziorik eskaini beste herrietan gertatzen diren gatazka politiko hautatuei.

Gurean debatea aitzina doa, aldiz. Urte hondar honetan zabaltzen ari diren publikoarekiko mezuak oso baikorrak dira, eta kontraste egiten dute instituzioetatik heldu den propaganda horrekiko. Izan ere, Itsasamaren ondotik, bigarren aldikotz Lurramak arrakasta handia izan du. Etxebizitzaren debatean aterabide konkretuak sortzen ari dira eta barnealde eta kostaldearen arteko orekaren aldeko debateak bultzatzen ari dira. Instituzioen inpotentziaren aurrean oso jarrera baikorrak agertzen ari dira. Mobilizazio horiek instituzio baten aldeko eskakizunaren barnean ikus daitezke. Ondoko hauteskundeetan lan horren guziaren emaitzen biltzeko garaia izango da, agian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo