GARA > Idatzia > Gutunak

Edurne Huesa Oiangu Parkea Bizirik Natur Elkartea

Informazioa bai, propagandarik ez!

Berriro ere, gure zergekin ordaindu den udal aldizkariaren bidez, Ordiziako alkate Santamaria jaunak Oianguko proiektuaren propaganda egin du, gaur egun egiten ari diren obren inguruan informatu beharrean.

Era berean, Euskadi Irratiko «Faktoria» saioan Oiangu Parkea Bizirik elkarteko ordezkariekin eztabaida izateari uko egin dio, lehenago Alejandra Iturrioz alkate ohi andereak egin zuen bezala; errefusatu egin baitzuen Ordizian bertan eta Localia telebistan egitekoak ziren eztabaida publikoak. Baina beranduegi inoiz ez denez, elkarte honek lerro hauen bitartez Oianguko proiektuari buruzko eztabaida batean parte hartzeko prest dagoela jakinarazi nahi die Udaleko ordezkariei.

Alkate Jaunak golf praktikarako zelaiko obrak baimendu ditu, nahiz eta epaitegian bi helegite dauden martxan, bata kontzesioaren aurka eta bestea Oianguko Plan bereziaren aurka. Nola da posible irailaren 24an obrak hasi eta astebete geroago Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Ikena enpresak egindako eraikitze eta jardueraren lizentzia eskaera argitaratzea, erreklamazio epea irekiz, eta lizentzia hori eman gabe eraikina altxatzen hastea? Berriro ere, Ikena eta Udala irregulartasun larriak ari dira eragiten.

Alkatearen esanetan, Ordizian ostatu faltan gaude; honi buruz, argitu behar dugu gaur egun Oianguko aterpetxean 24 lagunentzako gela bat eta bi bikoitz daudela, eta ekonomikoki aterpetxea hiru izarreko hotela baino eskuragarriagoa dela.

Alkateak Ordizian oinezkoek espaziorik handiena izan dezatela nahi duela ere badio, baina Oiangun ez, han, parkean, autoak sartzea nahi du, taberna eta jatetxearen eraikinaren atzean aparkalekua eraikiz, hotela egiten bada. Oso beharrezkoak diren oinezkoentzako espazioak bereganatzeko planak martxan jartzen diren bitartean, Oiangun kontrakoa lortu nahi dute, autoak parkean sartzea, horrela bisitarien segurtasuna gutxituz eta aire, hots, eta argi kutsadura handituz.

Udalak martxan jarri nahi duen partaidetza batzordea dela-eta, badu lana obrak geldiarazten eta hurrengo hauteskunde orokorretarako Oianguri buruzko herri kontsulta antolatzen.

Obrak gelditzeko eta herri kontsulta eskatzeko antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzera deitzen ditugu ordiziarrak eta ekimen berriak eta baketsuak antolatzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo