GARA > Idatzia > Alaves

Ezbeharra Mendizorrotzan

Zuloa estaltzeko eskakizuna egingo du klubak

Taldeko zuzendaritzak ahalik eta azkarren konpondu nahi ditu arazoak, baina lehenengo Gasteizko Udalaren eta futbol ligaren oniritzia behar ditu

p044_f01_148x116.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Alaveseko Zuzendaritza Batzordea oso kezkatua dago larunbatean Mendizorrotzan gertatu zen ezbeharrarekin, eta gaur bertan, ateen atzean dauden zuloak kentzeko eskaria egingo die Gasteizko Udalari, zelaiaren jabea, eta Futbol Liga Profesionalari, segurtasun arazoetan azken hitza berak baitauka.

Zorionez, Eibarren aurkako partidan gertatutako jazoera susto hutsean geratu zen, ez baitzen inolako zauritu larririk izan -atzo utzi zuen Txagorritxu ospitalea gaua badaezpada ingresatuta eman zuen gazte bakarrak-, baina larunbatekoa ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia eta berehalako konponketa bat behar du, ezer larriagorik gertatu aurretik. Denboraldi honetan bertan, irailaren 15ean antzerako ezbeharra gertatu zen; Aganzok gola sartu ostean, zulora salto egin zuen eta atearen ezkerraldetik hesia behera etorri zen, nahiz eta orduan ez zen beste inor bi metrotako altueratik erori.

Nerbioak bareago zeudela, atzo bertan Eusko Jaurlaritzako joko eta ikuskizun saileko teknikariak Mendizorrotzan izan ziren, gertatutakoa aztertu eta ondorioak ateratzeko. Partida amaitu bezain laster ere izan ziren ingurua ikuskatzen, baina atzo denbora luzeagoa eman zuten. Beraiek izan ziren partidaren atsedenaldian atearen atzean inor ez geratzeko gomendatu zutenak.

Bilerak gaur bertan

Ezbeharra gertatu eta gero partidaz gozatzeko aukerarik izan ez zuen Fernando Ortiz de Zarate Alaveseko presidenteak gaur bertan izan nahi ditu Gasteizko Udalarekin eta LFPrekin lehen bilerak arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko asmoz. Printzipioz, bi asteko epea izango lukete egin beharreko atontze lanak burutzeko, asteburu honetan taldeak El Ejidon jokatukobaitu. Etxeko hurrengo partida hilaren 18an edo 17an izango du Alavesek Las Palamasen aurka.

Talde babazorroaren Zuzendaritza Batzordeak larunbat gauean bertan zaurituei jakitera eman zienez, beren asmoa zuloa estaltzea da, baina horretarako Udalarekin eta Ligarekin adostasuna lortu behar dute.

Lehen kontaktua dagoeneko egina dute; Pedro Anitua, udaltzainen buru eta hiriko segurtasun arduraduna, taldeko ordezkariekin bilduta egon zen hauek zaurituak bisitatzera ospitaleetara egindako osteratxoaren ostean. Udala da Mendizorrotzaren jabea, eta edozein moldaketa egiteko bere baimena behar du Alavesek.

Bigarren kontaktua Futbol Liga Profesionalarekin egin behar ditu Alavesek, bera baita segurtasun gai hauetan azken hitza esan behar duena. Mendizorrotzaren azken berrantolatze lanak 2000. urtean egin ziren eta orduko hartan, «eredugarri»tzat jo zuen Gasteizko futbol zelaiaren egitura berria. Erakunde honek bere arkitektoak jarri zituen berrikuntza lanak egiteko, eta orain ere bere onespena behar-beharrezkoa izango dute lanak egiteko.

Azken urte hauetan guztietan, batez ere azken hiruretan, ez da behar bezalako mantentze-lanik egin, eta horren ordainak larunbatean jasan behar izan zituzten zauritutakoek.

Gertaera jazo zen gunean ziren hainbat lekukok esandakoari jarraiki, Eibarren aurkako partidan hesiak berehala egin zuen behera, lehendabiziko zalea haren gainean jarri eta berehala. Cadizen aurkakoan, ordea, beste alde batean hautsi zen hesia, askoz jende gutxiago jarri zen hesiaren gainean, baina hala ere, babesgarria.

Toni Moral: «Hasieran ni ere laguntzeko salto egitekotan egon nintzen»

«Sekulako sustoa» eraman zuen Toni Moralek gola sartu eta zaleak zulora nola erori ziren bertatik bertara ikusita. Atzo aitortu zuenez, «hasieran ni ere salto egitekotan egon nintzen baina behetik ondo zeudela esan zidaten». Partida amaituta, zaleak eritetxean bisitatzen izan zen «eta gutxienez garaipena eskeini ahal izan genien, ea ahalik eta azkarren osatzen diren», esan zuen.

J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo