KRONIKA | ASTIGARRAGAKO INGURUBIDEA ITXITA
«Korrika eta presaka zabaldu zuten eta orain komeriak»
Pasa den abenduan zabaldu zuten Hernani eta Astigarraga elkartzen dituen Urumea ingurabideko tartea. Urriaren hasieran, eta egun batetik bestera, itxita topatu zuten bertatik igaro ohi diren gidariek. Zutarriek kalteak dituztela argudiatu dute. Bitartean Astigarragako kaleak milaka autok hartu dituzte eta bizilagun ugari ernegatu dira.
Maider EIZMENDI
Apenas gustua hartzeko betarik izan gabe, atzera lehengora itzuli dira Astigarragako bizilagunak. Iazko abenduan zabaldu zen Astigarragako ingurabidea, luze emandako eraikitze lanak amaituta; urriaren hasieran berriz ere itxi zuten hari eusten dioten zutarriak kaltetuta daudelako. Herritarrek oraindik ere ahaztu gabeak zituzten lantokietako irteera eta sarrera orduetan, batez ere, sortzen ziren auto ilarak; ingurabidearen itxierak panorama bera jarri die egunerokoan begien aurrean. Oraindik ere ez dakite noiz arte izango duten errepidea itxita. Asteetako kontua izango dela esan dute Aldundiko arduradunek, baina bizilagunek gehiago ere luzatuko ote den susmoa dute. «Nik berriz ere zabalduta ikusi arte ez dut ezertxo ere sinetsiko». Horixe esan du Ramon Larrañaga Astigarragako bizilagunak. Presaka egindako lanak horrelakoak ekartzen dituela dio, izan ere, bere esanetan, «muturka aritu ziren lanean, lehenbailehen zabaltzeko».
Ingurabidea itxi zutenetik Astigarratik igarotzen den errepideko trafikoa nabarmen ugaritu da. Bide honek Hernanitik datozen eta Donostiara edota Oiartzunera doazen autoak herri erditik igaro daitezen eragotzi du hilabete hauetan, gehientsuenak berriz ere aurreko bidetik joan beharrean dira orain berriz. Larrañagak dio, eragina, batez ere, puntako orduan nabarmentzen dela. «Jendeak lanetik irteten denean ahalik eta azkarren iritsi nahi izaten du etxera, eta orduan izaten dira komeriak eta haserreak», esan du.
Miguel Zapirainek ez du kotxerik hartzen, baina hala ere trafikoa handitu dela ondo nabari du. Errepidearen alboan bizi da bera eta trafikoaren soinua asko handitu dela dio. Gezurra dirudiela adierazi du: «Jendea desiratzen zegoen ingurabidearen eraikuntza lanak amaitu eta trafikoa murriztu zedin. Eta orain zer eta segituan itxi ondo ez dagoelako». Hain justu ere, ingurabidea sustengatzen duten zutarrietako 29 daude kaltetuta. Aipatzekoa da, errepide hau eraikitzean, arduradunek bolo-bolo aipatu zuten metodo berri bat baliatu zutela, hain justu lanen iraupena nabarmen murriztuko zuen sistema.
Eraikitze lanen iraupena murriztu eta Vicky Gaskuek lanetik irten eta etxera itzultzen ematen duen denbora berriz asko luzatu. Itxi eta lehen egunetan egundokoak sortu zirela esan du hernaniar honek, «izugarrizko ilarak sortu ziren». Eskarmentua hartua dute, eta jendea beste bide batzuk erabiltzen hasi da nonbait. Ingurabidetik horrenbeste auto ibiltzen zenik ez zuela uste esan du, «orain, itxi denean, nabaritu dugu, batez ere».
Astigarran egiten du lan eta egunero Hernanitik bertara eta bertatik Hernanirako bidea egiten du autobusez. Bere lan orduak gainerakoen antzekoak izan, eta ordu txarrenetan egin behar izaten ditu joan-etorriak. Erlojuarekin neurtzen ez dela aritzen dio, baina, batez beste, bide bera egiteko ordu laurden gehiago ematen duela esan du. Autobusean joaten den jendeak beste hizpiderik ez du. Guztiak zain daude, ingurabidea berriz ere noiz zabalduko, baina Gaskue ez da asko fidatzen agintariek esandakoarekin: «Hilabete esaten dute eta gero hiru edo lau izaten dira».