GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Ziklo Krosa | Karrantzako Saria

Ruiz de Larrinaga nagusi ezustekodun lasterketa ederrean

Tubularra atera zitzaion Yusi hiru itzuliren faltan buruan zela. David Secok geldi egon izana igarri zuen azken aldera eta ezin izan zion Zuiakoaren gurpilari eutsi

p047_f01_148x096.jpg

GARA | KARRANTZA

Aspaldiko partez, lasterketa ederra ikusiteko aukera izan zen atzo Karrantzan, Euskadiko Federazioaren Txapelketako hirugarren proban. Unai Yus, Javier Ruiz de Larrinaga eta David Secoren arteko aurreneko lehian Zuiakoa izan zen garaile, ezustekoz jositako amaieraren ostean.

Yusek eskura zuen denboraldiko laugarren garaipena, aurkariei minutu erdi inguruko aldea atera baitzien hiru itzuliren faltan. Alabaina, tubularra atera zitzaion txirrindulari gasteiztarrari eta inolako aukerarik gabe geratu zen. Ondorioz, Karrantzako lasterketa Seco eta Ruiz de Larrinaga euskaldunen artean zen erabakitzekoa.

Azken itzulian, Busturiako txirrindularia aurretik zen, baina Ruiz de Larrinaga bertan zuen. Zuiakoak bazekien Seco urtebetez geldi egona zela, eta azkena luze egin behar zitzaiola.

Baita hala gertatu ere, zenbat eta helmuga gertuago, hurbilago zuen Ruiz de Larrinagak bizkaitarra. Hala, behingo batean harrapatu, eta atzean laga zuen Spiuk-Bulletvan taldeko txirrindulariak aurkaria. Bigarren sartu zen Seco, bost segundora, eta Yus hirugarren, ia minutu eta erdiko aldearekin.

Yusek aurretik jarraitzen du Spiuk Kopako elite mailako sailkapenean, 54 punturekin, Ruiz de Larrinagak baino lau gehiago. 23 urtez azpikoen mailan Erlantz Uriartek jarraitzen du buruan, 31 puntuz.

Juniorretan, aldiz, Igor Merino izan zen garaile Karrantzan, Mikel Elorza eta Dani Ruizen aurretik. Emakumeen mailan, berriz, Ione Mujikak beste garaipen bat eskuratu zuen. Hurrengo proba igandean, hilaren 11an, izango da, Orion.

Europako lasterketak

Bestetik, Superprestigio eta 23 urtez azpiko Europako txapelketako probak jokatu ziren atzo eta, egia esan ez zen inolako sorpresarik izan.

Hamme-Zoggen jokatutako Superprestigio proban, beste askotan bezala, Rabobank taldeko Sven Nijs flandestarra nagusitu zen. Bigarren lekuan Zdenek Stybar txekiarra sailkatu zen eta Bart Wellens izan zen podiumeko hirugarren gizona.

23 urtez beherako Europako txapelketan, azkenik, faborito nagusia gailendu zen. Niels Albert hirugarren bider nagusi izan zen. Atzetik, Phillip Wasleben alemaniarra eta Lukas Cloucek txekiarra sailkatu ziren, hurrenez hurren. Emakumeen mailan, aldiz, Herbehereetako Van der Brand sailkatu zen aurreneko postuan Salvetat frantsesaren aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo