Lau eta Erdiko Txapelketa
Kaiola barruan hegan egin dute
Abel Barriolak lan asko eginda eskuratu du ligaxkako lehen garaipena erritmo izugarriko partidan Titin III.a mendean hartuta
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Distantzia zaila da Lau eta Erdikoa, klaustrofobikoa askorentzat. Indar hutsak ez du balio aurkaria mendean hartzeko, baina teknikarekin bakarrik ere nekez irits daiteke gorengo mailara. Augusto Ibañez, Titin III.a, eta Abel Barriola, ordea, bikain moldatzen dira distantzia motzetan eta atzo ere sekulako erakustaldia eman zuten Eibarko Astelena pilotalekuan. Kaiola barruan hegan egiteko gai diren bi pilotari, alajaina.
Dirua oso argi irten zen Barriolaren alde -100/60ri hasieratik- eta markagailuan alde estuak izan arren, ikaragarri kostatu zitzaion katedrari atzera egitea. Leitzako pilotariak askoz zentratuago ekin zion neurketari eta beste munduko jokorik egin gabe, lehen aldeak ireki zituen Astelenako markagailuan. 1-4koa, esaterako, hormabiko eder batekin lortu zuen.
Titin gogotik saiatu zen Barriolaren jokoa apurtzen, baina partidaren lehen erdian ohi duen baino akats gehixeago egin zuen. Edonola ere, burugogorra da oso errioxarra eta partidako bere lehen tanto ikusgarriarekin -ezker gantxo polit bat- emaitza dezente estutzea lortu zuen (4-6).
Errepikapena. Barriolak beste tanto ikusgarri bat eginez -bi dejada bikain postura oso zailean- sakea berreskuratu zuen (4-7) eta berriz ere zuloa handitu zuen (5-9). Azken tanto horretan ere bi pareta ederki botata hartu zuen mendean aurkaria. Baina, kirolaren kontuak, hortxe hasi ziren komeriak Abelentzat.
Titinen abantaila
Egoera ikusita, Titinek beste pauso bat eman zuen aurrera eta airez gehiago eta azkarrago sartzen hasi zen. Barriolak ez zion uko egin enbidoari, baina aurre-aurreko koadro horietan gehiago sufritu zuen aurkaria mendean hartzeko. Partidak sekulako erritmoa hartu zuen eta emaitza ere asko berdindu zen. Gainera, Abelek ordura arte baino huts gehiago egin zituen: sakez falta bat, luzeegi jotako bi pilotakada eta Titinek txokoan bihurritutako beste pare bat pilota pozointsu. Emaitza, partidako lehen bi berdinketak (11-11 eta 13-13).
Titin une oso gozoan zegoen. Sakearekin izugarrizko mina egiten ari zitzaion Abeli -sei sartu zizkion egungo restatzaile onenetariko bati- eta jokoan ere asko asmatzen. 15-13koan zabalean egindako dejada izan zen, esaterako, arratsaldeko jokaldirik txalotuena. Errioxako aurrelaria 18-13 aurreratu zen, apustularien aurpegiak belztuz.
«Partida esku-eskura izan du. Nahasi egin dit. Azpitik egin nahi nion jokoa, baina azkenean nik nahi baino motzago ibili dut pilota. Partidatik irten egin naiz eta gauzak oso zail jarri zaizkit», onartzen zuen Abel Barriolak partida amaieran.
Leitzakoak, ordea, garaiz berreskuratu zuen jokoaren agintea eta bederatzi tanto segidan eginda zuzen-zuzenean joan zen 22ra. Barriolak dena ongi egin zuen azken txanpa horretan -bere 15. tantoa izan zen ikusgarriena eta sakez egindako tanto bakarra ere hortxe iritsi zen-, baina Titinen nekeak ere zerikusi handia izan zuen.
Barriolak, bada, urrats galanta eman du eta Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du bigarren jardunaldian. Titin Irujori irabaztera behartuta dago.