Finalerdietarako zuzeneko azken txartela, Mendiluzerentzat
Aitor Mendiluze eta Jon Maia atzo igo ziren GPuntuaren trenera. Indartsu datozela garbi utzi zuten, eta oso maila ona eman zuten. Kantukide zituzten beste laurek -Ibai Esoain, Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi eta Nahikari Gabilondo-, gozatu eta gozarazi egin zuten. Gaztelumendik hirugarren tokia ez ezik, finalerdietarako txartela ere lortu zuen.
Amagoia MUJIKA | TOLOSA
Bigarren koska igota, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa sartu da dagoeneko finalerdien fasean. Atzo jokatu zuten azken final-laurdena Tolosako Usabal kiroldegian eta ia dena espero bezala joan zen. Ia dena esan behar, Beñat Gaztelumendik ezusteko polita eman eta muturra final-erdietan sartzea lortu baitu.
Saioa hasi baino dezente lehenago jendez lepo zegoen kiroldegia. Espero zen atzokoa hitzordu jendetsua izatea. Batetik, final-laurdenetan azkena zelako eta, bestetik, orain artean 2007ko txapelketako plazan aritu gabeak ziren Aitor Mendiluze eta Jon Maia kantatzekoak zirelako. 1.200 lagundik gora bildu zen Tolosan.
Espero zen Mendiluze eta Maia gogor eta gogoz igoko zirela txapelketaren trenera, eta ale ederrak utzi zituzten. Hainbeste espero ez zena Beñat Gaztelumendirena izan zen akaso. Berak esan zuen nahikoa lorpen zela atzo Tolosan kantatzea. Bada, kantatu zuen, eta bai ondo kantatu ere. Ordainetan, 468 puntu, saioko hirugarren postua eta finalerdietarako txartela lortu zituen Añorgakoak. Gipuzkoako bere lehen txapelketa da aurtengoa, eta ez da marka makala dagoeneko lortu duena.
Aurtengoa ezustekoen eta irristaden txapelketa izango zela esan izan da. Atzokoan, irrist ez zuen inork egin eta, bakoitzak bere mailan, sei bertsolariek saio majoa josi zuten.
Lehen abisua
Jon Maia eta Beñat Gaztelumendi parean egokitu ziren zortziko handiko saioan. Hor eman zuen lehen abisua Gaztelumendik. Maiaren maila onari eutsi zion eta fresko eta oso ausart aritu zen. Horregatik-edo, arreta ugari jaso zuen Beñatek, bai ondoan zituen kantukideenak eta baita parean zituen bertsozaleenak.
Aitor Mendiluze eta Nahikari Gabilondo etorri ziren ondoren, eta hauek ere ondo gainditu zuten zortziko nagusiko ariketa. Mendiluze oso seguru aritu zen saio guztian eta ariketa denetan.
Zortziko txikikoa Iñaki Apalategik eta Jon Maiak hasi zuten. Umorearen haritik, ale politak utzi zituzten. Eta zortziko txikiko ariketan berriz potoloetako batekin egokitu zen taldeko gazteena. Beñat Gaztelumendik batere beldurrik gabe kantatu zuen Aitor Mendiluzerekin. Bigarren abisua beraz.
Puntuari erantzuten Iñaki Apalategi oso ondo aritu zen. Egia esan goierritarrak saio txukuna egin zuen oro har, eta eroso ageri zen oholtzan. Puntuari erantzuteko ariketan Mendiluzek daukan eskarmentua erakutsi zuen.
Hitza emanda, Jon Maiak «mozorroa» hitzari botatakoa eta Beñat Gaztelumendik «lotsa» hitzari botatako aleak nabarmendu ziren.
Hamarreko txikian Jon Maiak Nahikari Gabilondorekin kantatu zuen eta asko luzitu zen zumaiarra. Mendiluzeri ez zitzaion lan samurra egokitu, baina segurtasun handiarekin aritu zen ariketa honetan ere.
Kartzelakoan, honakoa zuten kanturako gaia: Dagoeneko ez dakizu zer egin bera gustura egon dadin. Sei bertsolari eta sei ideia desberdin izan ziren, eta hori asko eskertzen du bertsozaleak. Denek egin zuten baleko lana eta asko saiatu ziren ideia berriak eskaintzen eta ondo josten.
Ibai Esoainek berekin istripua izan eta gurpil aulkian geratu zen lagunari kantatu zion. Iñaki Apalategik burua galtzen ari den amona xarmantari kantatu zion eta bertso izugarri hunkigarriak utzi zituen. Jon Maiak, Down sindromea duen alabari kantatutakoak ere oilo-ipurdia sortzen duten horietakoak izan ziren. Primeran josi zituen Maiak hiru bertsoak eta azken bertsora arte ez zuen agertu zergatik zen desberdina bere alaba. «Alabak ez du aurkitzen bere barruko parkea», hasi zuen lehen bertsoa eta «inork ez dizu barkatzen desberdina izatea», bukatu zuen. Eta, azkena, hauxe: «Egunero goizean goiz jaiki eta berehala/ bera esnatu aurretik laztantzen diot azala/ lo dagoenean ere haurrak sentitu dezala/ maitatzen dugula geure bizitza balitz bezala/ ta gero eta gehiago, urteak pasatu ahala/ gurasoengan ez al da sentimendu naturala/ down sindrome eta guzti jaio den gure alaba/ munduko ederrena da ez da bakarrik normala».
Gaztelumendik metroan jipoitua izandako neska etorkinaren ahotik kantatu zuen eta txukun bete zuen kartzelakoa. Mendiluzek, hasierako sua itzaltzen ari zaion bikotearen egoerara bikain eraman zuen gaia. Azkenik, Nahikari Gabilondok prostituta baten ahotik kantatu zuen, eta oso ondo gainera.
Saio polita joan zen atzo Tolosako Usabal kiroldegian. Honakoa izan zen sailkapena: Aitor Mendiluze (511,5), Jon Maia (484,5), Beñat Gaztelumendi (468), Iñaki Apalategi (463), Nahikari Gabilondo (461) eta Ibai Esoain (425,5). Jendetsua izaten ari da aurtengo txapelketa, atzo jendez lepo egon zen Usabal. 1.200 lagundik gora bildu ziren. Hurrengo hitzordua, Eskoriatzan, azaroaren 17an.
Dagoeneko zehaztu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietan kantatuko duten hemezortzi bertsolarien zerrenda, atzoko saioarekin bukatu baitzen final-laurdenen fasea. Beren saioko lehen postua eta hurrengo faserako zuzeneko txartela honako bostek lortu dute: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Uxue Alberdi, Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu. Beste hamahiruak puntuazioaren arabera sailkatu dira, eta hauexek dira: Iñigo Manzisidor «Mantxi», Jon Maia, Jon Martin, Iker Zubeldia, Iñaki Zelaia, Ainhoa Agirreazaldegi, Unai Muñoa, Xabier Sukia, Joxe Munduate, Unai Agirre, Arkaitz Oiartzabal «Xamoa», Beñat Gaztelumendi eta Iñaki Gurrutxaga.
Hiru finalerdi jokatuko dira. Lehena, Eskoriatzan, azaroaren 17an. Bigarrena, azaroaren 24an, Oiartzunen eta azkena, abenduaren lehen egunean, Ordizian. Hemezortzi horietatik zortzik lortuko dute finalerako txartela. Finala, abenduaren 16an jokatuko da Donostiako Illunbe zezen plazan. Orain begi guztiak finalerdietan daude jarriak.
Amagoia MUJIKA