Jose Uribesalgo eta Julia Monge (*) Debagoieneko Fusilatuen Senitartekoen Batzordea
Noiz arte justiziarik gabe?
Frankismoaren biktima izan ziren pertsona haiek guztiak utzi dituzte zuzenbide estatutik kanpo, ez diete aitortzen berdinak direla legearen aurrean, ez dute izango eskubiderik, esanbidezko aitorpen juridikoa izateko
Egia jakitea, justizia administratzea eta frankismoaren biktimei kalte-ordaina ematea, hiru gai horiek albora utzi eta ahaztu ditu Memoriaren Lege Proiektuak. Lege proiektuaren arabera, frankismoa da legez kontrakoa, baina frankismoaren ekintzak legezkoak izan ziren.
Diktadurapean berrogei urte eta Franko barik hogeita hamabi urte eman eta gero, oraindik gaurko egunean ez dute nahi justizia sartzea, gaiak azken hariraino eramateko. Frankismoaren biktimek ez dute eskubiderik justizia izateko, ez dituzte deklaratu baliogabe epaiketa penal eta militar guztiak.
Erakundeetan ez dituzte ikertu behar erregimen frankistaren eskubide zibilen eta giza eskubideen urraketa larriak. Hortaz, ez dute biderik jartzen egia izateko eta gizateriaren kontrako krimenen berri jakiteko. Alde batera utzi nahi dute memoria izateko gizarteak duen eskubidea eta bihurtu nahi dute egintza indibidual eta pertsonal.
Frankismoaren biktima izan ziren pertsona haiek guztiak zuzenbide estatutik kanpo utzi dituzte, ez diete aitortzen berdinak direla legearen aurrean, ez dute izango eskubiderik, ez haiek ez haien ondorengoek, esanbidezko aitorpen juridikoa izateko.
Frankistentzat legea amaipuntua da. Logika horrek onartzen du, besteak beste, Elizaren hierarkiak berriro ere ahaztea frankistek Debagoienean 4 abade atxilotu izana -Jose Joaquin Arin, Jose Markiegi, Leonardo Guridi eta Jorge Iturricastillo-. Ondarretako kartzelara eraman zituzten eta aske utzi zituzten, berehala fusilatzeko. Onartzen du, halaber, Mayor Orejak, Arrasateko Falange Tradicionalistako eta JONSeko burutza izan zuten frankisten senidea, esatea, lasai eta zigorrik gabe, berak ez duela inoiz ere salatuko frankismoa. Debagoienean 115 pertsona fusilatu zituzten frankistek. Horietako sei emakumeak ziren: Francisca Lamarain, Paula Mugika, Florencia Olazagoitia, Maria Areitio, Francisca Oianguren eta Emeteria Aranburuzabala.
Pertsona horietako gehienek ez zuten izan epaiketarik, asko eta asko hil zituzten, aske utzi eta gero. Akusazio faltsuak, herriko Mugimenduaren arduradunen salaketak, ezelako garantiarik gabeko epaiketak, Arrasateko Alderdi Sozialistako zinegotzi Jesus Uranga Urrutiaren kasua, izan ere, egon ez zegoen epaimahai bateko kide izateaz akusatu zuten, handik urte batzuetara Ricardo Azkoagak -hura ere «epaitu» egin behar zuten- deklaratu bezala epailearen aurrean. Pertsona horiekin eta beste askorekin zer gertatu zen jakitea behar-beharrezkoa da, behin betiko zauriak ixteko.
Erakundeen deklarazioak, Degagoieneko udal guztiek 2006an onartutakoa, hauek erreklamatzen zizkien Estatuko botere publikoei: lehenik eta behin, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ezin preskribatzeari buruzko konbentzioa berrestea. Honetaz gain, epaiketa penal eta militar guztiak baliogabetzea, arbitrarioak eta legez kanpokoak izateagatik. Azkenik, errekonozimendu soziala eta ekonomikoa askatasunaz gabetu zituzten pertsona guztiei. Memoriaren lege proiektuaren ostean, oraindik erabaki barik daude gaiok.
Hortaz, Lau Haizetara Gogoan-etik -Debagoieneko fusilatuen senideen koordinakundea- «frankismoaren biktimentzat egia, justizia eta kalte-ordaina» eskatzen duten pertsona guztiei dei egiten diegu bihar, egubakoitza, Arrasateko Laubide plazan frankismoaren biktimak gogoratzen dituen monolitoan egingo dugun kontzentraziora.
(*) Artikulu hau Juan Ramon Garaik eta Josuren Murgizuk ere sinatzen dute