«Ofizioan sinisten dut, ibilbide luzean, eta ez bat-bateko arrakastan»
musikaria
Irungo musikariak bide intimotik jarraitu du «Konplizeak» (Elkar, 2007) bakarkako bederatzigarren lanean. Aurreko lanaren ildotik, Angel Unzuren gitarra fina eta Mireia Otzerinjauregiren ahots dotorea ditu lagun soinu-jotzaileak. Idaztea ere maite duen musikari, hitzek garrantzi berezia hartu dute oraingoan ere, ohiko laguntzaile edo poeta gazteen testuen bitartez.
Anartz BILBAO | BILBO
Malenkoniaz betetako istorio xumeak dakartza Jabier Muguruzak «Konplizeak» lan berrian. Ohiko musikari eta olerkarien testuez gainera, besteak beste Martirio eta Duquenderen flamenkoa eta Gorka Benitezen saxoa izan ditu lagun, gaur Donostian eta bihar Bilbon agertokia Kiko Venenorekin partekatuko duen musikariak.
Zeren edo noren konplize?
Iaz galera oso inportantea izan nuen. Gure aita bat-batean, ezustean, hil zen. Niretzat aitaz gainera konplizea ere bazen eta, disko honetan aita hil ondorengo urte honetan bizi izandakoa islatua dagoenez, pentsatu nuen kontzeptu horrek, konplizitateak, ondo islatzen zuela azaldu nahi nuena. Gero egia da bestelako konplizeak ere badaudela lan honetan, baina abiapuntua hori da, aitaren galera.
Saudade kutsua du diskoak.
Bai, gainera esango nuke kantu baten badagoela halako fado puntu bat ere. Orain diskoa zer den eta sortze prozesua nolakoa izan zen ikusita, esango nuke kantu ilunagoak direla aita hil eta lehenengo hilabeteetan sortutakoak, beharbada tristurak indar handiagoa zuelako beste sentimendu batzuk baino; hurrengo kantuetan indar handiagoz azaltzen direnak. Nik diskoa entzun eta sentimendu eta emozio asko sumatzen ditut islatuak.
Musika mailan, aurreko lanaren ildoari jarraitu diozu.
Lauzpabost lan beste formula batekin egin ditut, oinarri harmonikoa pianoaren gainean jarriz. Alta, aurrekoaren ildotik jarraitu dut oraingoan. Azken bi lanek, esan dezagun, janzkera are biluziagoa erakusten dute. Angel Unzuren gitarra akustikoa da oinarri harmonikoa. Mireia Otzerinjauregiren ahotsak beste kolore bat eman dio eta, jakina, nire ahotsa testuak abesten eta esku soinua linea melodiko batzuk marrazten.
Esku soinuaren presentzia testimoniala bihurtu duzu?
Testimoniala ere ez nuke esango. Nik nahiago dut erabilera hori, presentzia hori eman esku soinuari. Halako batean argi txiki hori pizten da eta beste kolore bat ematen dio kantuari. Bat-batean, taka, melodia bat soinuarekin. Niri hori polita iruditzen zait.
Elkar etxera itzuli zara beste disko etxeetan aritu ondoren.
Nik orain dela urte batzuk apustu bat egitea pentsatu nuen. Estatuan, bereziki Madrilen eta gehienbat Katalunian, lortutakoa zergatik ez saiatu beste merkatu batzuetan. Resistentziak nazioarteko sare bat daukanez, horretan saiatu nintzen. Lortu ditugu gauza batzuk, egin ditugu kontzertuak Parisen, Brasilen, Alemanian... baina uste dut oso bide zaila dela. Eta nahiago izan dut euskal disko etxe batean aritu -azken batean nik euskaraz abesten dut gehiena-, eta indartzea.
Kiko lagunarekin partekatuko duzu agertokia.
Aspalditik ezagutzen dut Kiko, Jackson Brown-en omenaldian parte hartu genuenetik. Gero, adiskidetu eta harreman pertsonal handia dugu. Oporrak ere elkarrekin egin izan ditugu, familia oporrak. Nahiz eta estilo aldetik desberdin samarrak izan, gauzak egiteko moduan, nik uste dut badagoela espiritu amankomun bat eta elkarren arteko estimu handia. Biok ofizioan sinesten dugu, ibilbide luzean sinesten dugu eta ez diru-jana egitean eta bat-bateko arrakastan.
Proposamen minoritarioa begitantzen zaigu zurea. Jaso duzu konstantziaren saria?
Gure gizarte honetan ez bazara mugitzen estandarrean nekez lortuko duzu erantzun masiborik. Nire kasuan, zorte handia izan dut, Euskal Herritik kanpo ere bai baitut publiko eta merkatu bat. Memento honetan ia-ia erdia gure herritik kanpo lan egiten dugu eta horrek asko laguntzen du. Nahiz eta futbol zelairik ez bete, minoria asko badituzu azkenean entzule kopuru sendo bat duzu.
Kultura txikiak zaintzeko oharra du lanak.
Batzuek ez diote uzten gure kulturari aurrera egiten eta iruditzen zait akulturazio prozesu bat bizi dugula. Ez Euskal Herrian bakarrik. Globalizazioaren izenean propaganda asko egiten da, baina kultura txikiek nahiko panorama gogorra dugu begi aurrean. Inportantea iruditzen zait gure kultura zaintzea eta babestea, horregatik jarri dut oharra.
Idatzi ere egiten duzu.
Orain nahiko bildua nago musikan. Idatzi ere egiten duen musikaria naiz, baina musikak eramaten dit denbora gehiena. Orain, adibidez, antzerki obra baterako musika egiten ari naiz, bakarrizketa baterako. Literatura daukat, irakurle gisa ez baina, pixka bat baztertuta.
Istorio xumeak kontatzen dituzu kantuetan.
Gauza txikiak, xumeak, itxuraz bai. Baina gauza horiek garrantzi handia dutela defendatzen dut beti. Garrantzia ematen diet testuei eta saiatzen naiz testu txukunak bilatzen. Baditut gustuko idazle batzuk eta batzuekin badut harreman pertsonala gainera. Bigarren bide bat ere izaten da irakurketa. Leire Bilbao eta Angel Erroren poema liburuak, adibidez, irakurri nituen eta poema batzuk egokiak ikusi nituen musikatzeko. Bi bide horiek dira. Bata da ohizko kolaboratzaileena, eta bigarrena irakurketena.
A. B.