GARA > Idatzia > Musika

Egoerak. Ostia txarrarekin erantzunda. Eta zer?

Amaia Monterok eta Mikel Erentxunek (euren musika ez dut oso gustukoa) dimentsio zabalagoa eman diote euskarari «Gaztea. The Singles» disko bildumarako Itoiz taldearen «Lau teilatu» abestiaren bertsioarekin. Norbait gaitzesteko politika erabili nahi duenak, erabil dezala beste arrazoibide batekin

 

Ondorengo hiru egoerek (politika profesionalak sutzen nauen gisa berean) ostia txarrean paratu ninduten. Bat. 2007ko ekainean ETBk eskuko telefonoentzako politonoen iragarkiak eman zituen. Kantu ezagunen bertsioak («Lau teilatu», «Eh txo!», «Sarri, Sarri»...) baina piano biraderadun ziztrin baten soinuarekin. Aho bete hortz geratu nintzen soinuen kalitate ezagatik; nor engainatu nahi du iragarkia jarri duen enpresak? Iragarki kutrea da, ez direlako benetako tonoak. Duela bi aste, antzeko iragarkia Ken Zazpiren eta Benito Lertxundiren «Ilargia» eta «Bizkaia maite» abestiekin. Iragarki desfasatua bluetooth-aren garaian eta iruzurgilea (nola sal daitezke kantuak hain soinu kaskarrean!). Jendea kaikutzat hartzen dute ala? Gutxieneko eskakizuna: ken ditzatela politono zaharkitu horiek eta jar ditzatela benetako abestien tonoak. Bi. Amaia Montero eta Mikel Erentxun abeslariek «Gaztea. The Singles» disko bildumarako Itoiz taldearen «Lau teilatu» abestiaren bertsioa egin dute (balada zirraragarri bilakatuz). Jende askok esan dit zer egiten duten bi horiek euskal kulturaren abestirik herrikoienetakoa lardaskatzen eta izorratzen. Orobat, euskara ez omen dute zaintzen, iraindu baino. Zergatik? Ilargia hitza «ll»-z ahoskatu beharrean «l»-z ahoskatzen dutelako. Begira zein aldrebes ahoskatzen dituen Benito Lertxundik «ü»-ak zuberotarrentzat. «Lau teilatu» kantuak berak gramatika akats larri bat ere badu, nor-nork erabiltzen du, nor-nori-nork aditza erabili beharrean. Monterok eta Erentxunek (euren musika ez dut oso gustukoa) dimentsio zabalagoa eman diote euskarari. Norbait gaitzesteko politika erabili nahi duenak, erabil dezala beste arrazoibide batekin. Hiru. Donostiako Zinemaldian Julian Schnabel margolariak prentsaurrekoa eman zuen. Zinemaldiko prentsa eta protokolo arduradunari esan zion kazetariei esateko ez ziezaiotela galderarik egin hiru gai zehatzez, bestela prentsaurrekoa bertan behera utziko zuela. Kazetariak isilik eta zintzo. Noraino iristen den kazetarien lausotasuna eta otzantzea. Enzefalograma laua. Eta Schnabelen harrokeria artistikoak bere margoen handitasun maila txiki uzten du. Beste prentsaurreko bat ere eman zuen Lou Reed-ekin. Hari egindako galdera batzuk Schnabelek berak erantzun zituen berari galdetu gabe. Guy Debord, egoera sortzailea, oso erretxina zen bere zakartasuna merezi zuenarekin. Hamaika debordetar dagoen ikuskizunaren gizarte honetan, agian Deborden ikasgaiak haratago eraman beharko genituzke. Eta zer?

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo