GARA > Idatzia > Kultura

Alberdaniak «euskara normalizatu» bidean hiru liburu kaleratu ditu

Duboisen «Txantxetan ari zara, Tanner jauna», Taylorren «Horrela egiten dute emakumeek amets» eta Flemen «Amodio gutunak oinordetzan» argitaratu ditu Alberdaniak «normalean gaztelaniaz ez dauden liburuak itzultzeko» egiten duten apustuari jarraiki.

p050_f01_148x136.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

«Euskara normalizatuko bada eta euskal literatura indartuko bada» beste hizkuntzetako lanak euskaraz irakurri ahal izatea ezinbestekoa dela hizpide hartuta, Alberdania argitaletxeak beste hiru izenburu jarri ditu mahai gainean.

Lydia Flemen «Amodio gutunak oinordetzan» eta Jean-Paul Duboisen «Txantxetan ari zara, Tanner jauna», frantsesetik zuzenean euskarara itzuli dituzte; eta bestea, Kressmann Taylorren «Horrela egiten dute emakumeek amets», Alberdaniak berak frantsesetik euskarazko zein erdarazko itzulpenak aldi berean kaleratu ditu. «Normalean gaztelaniaz ez dauden liburuak itzultzeko apustuaren barne kaleratu ditugu», esan zuen argitaletxeko editore Inazio Mujikak.

Liburuen nondik norakoak argitu asmoz horien itzultzaileak izan ziren Donostian. Mikel Garmendiak «Txantxetan ari zara, Tanner jauna» itzuli du. Bere ustez, lanean umorea da nagusi, eta horretarako «ironia, gehiegikeria eta horrelakoak» erabili ditu egileak. Literatura arina dela esan zuen, «guztientzat» aproposa alegia, baina «literatura maila altuarekin». Istorioa ezaguna egingo zaio askori. Paul Tannerrek oinordetzan etxe zahar bat jasotzen du eta eraberritzen hasten da. Arazoak orduan hasten dira. «Hondamendia hondamendiago egiten duten gremioak iristen dira orduan, eromena», esan zuen Garmendiak. «Bernardo Atxagaren `Gizona bere bakardadean' bezalakoa da, baina beste maila batean. Hau da, Atxagaren lana mundu filosofiko-traszendentalean kokatuko genuke, eta Duboisena berriz, mundu material eta arruntean», argitu zuen.

Joxan Elosegi da beste bi liburuak itzuli dituena. Alberdaniak argitaratutako Lydia Flemen beste bi lanak ere berak itzuli zituen; «Nola hustu nuen gurasoen etxea» (2005) eta «Izua» (2006). Horiek hala, «garrantzitsuena ez da zer gertatzen den, nola azaltzen dituen gauzak baizik», argitu zuen itzultzaileak. Barrura begirako kontuak azaltzen ditu beraz Flemek, hain zuzen «Nola hustu nuen gurasoen etxea» liburuari jarraiki. Halere ez dago 2005ekoa irakurri beharrik honako hau ulertzeko. Gurasoen etxeko ganbaran topatutako beren arteko amodio gutunak aurkitzen ditu Flemek, eta liburuak «zapore ona uzten» duela uste du Elosegik.

Lau emakume eta gizon bat

Azken lana, Kressmann Taylorren «Horrela egiten dute emakumeek amets» da.

Elosegik ez zuen emakume horren lanik ezagutzen hau itzuli aurretik, eta emakumearen begiradaz idatzitako lana dela esan zuen. Bost pertsonaia nagusi ditu; lau emakume eta gizon «xelebre» bat. «Harremanetaz, maitasunaz eta zahartzaroaz hitz egiten du. Horien guztien barruan zer dagoen azaltzen du», esan zuen.

Joxan Elosegi: «Bere unibertso propioa du Lydia Flem idazle eta psikoanalistak»

Lydia Flemen «Amodio gutunak oinordetzan»ri, edertasuna dario Joxan Elosegi itzultzailearen hitzetan. «Berez espero diren gaiak azaltzen dira liburuan. Ez dira aparteko kontuak, baina psikoanalista batek ematen dion giroaz lagunduta azaltzen dira. Badaki ondo, idazle zein psikoanalista bezala, irakurlearekin lotura egiten», azaldu zuen. Hain justu, hauxe da Flemen gakoa: irakurlearekin lotura lortzea, «badaki eta irakurleak liburuko kontuak bizi dituela edota biziko dituela». Elosegik gainera ondo ezagutzen du Flemen «unibertso propioa» Alberdaniak kaleratutako aurreko bi liburuak ere berak itzuli zituen eta. R. C.

UMOREA

Jean-Paul Duboisen «Txantxetan ari zara, Tanner jauna» liburuan umorea da nagusi, «ironia, gehiegikeria eta horrelakoak» erabiltzen ditu.

BARRURA JO

Kressmann Taylorren lanak, «Horrela egiten dute emakumeek amets», emakumearen begiradaz baliaturik «barrura jotzen» duela esan zuen Joxan Elosegi itzultzaileak.

IRAKURLEARI BEGIRA

«Amodio gutunak oinordetzan» Lydia Flemen azken lana da, idazleak «irakurlearekin lotura lortzen daki», liburu guztietan lortzen duen zerbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo