GARA > Idatzia > Kultura

Lankidetza-hitzarmena berritu dute Lakuak eta Bertso Elkarteak

Martin ANSO | DONOSTIA

Hizkuntza Politikarako Sailburu Patxi Baztarrikak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari Iñaki Muruak atzo lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Hala, Lakuako Gobernuak bertsolaritza sustatzeko 126.111 euro jarri ditu.

Hitzarmenak 2000. urtean hasitako lankidetzari jarraipena ematen dio, eta Bertsozale Elkarteak ohiko kudeaketan, transmisioan eta ikerkuntzan dituen proiektuak gauzatzea ahalbidetuko du.

Villabonako Mintzola ahozkotasunaren zentroa da erronkarik nagusienetakoa. Gaur egun eraikuntza lanetan ari dira eta, Muruak atzo iragarri zuenez, «udaberrirako-edo» eraikina prest egongo omen da. Transmisioan, berriz, bertso eskolak dira arreta berezia merezi dutenak. Ikerkuntzan, azkenik, elkarteak bertso doinutegien digitalizazioan lan egiten eta Iker Taldea sendotzen jarraituko du.

«Bigarren martxa»

Muruak nabarmendu zuenez, hitzarmenak ondoko urteetan «modu iraunkor eta orekatuan jarduteko baldintza aproposagoak» jartzen dizkio elkarteari. Nolanahi ere, «kultur kontsumoan sumatzen ari diren aldaketak kontuan izanik, bigarren martxa bat» ere sartu nahiko luketela gehitu zuen. «Bigarren martxa» horren ezaugarrietako bat unibertsitateekiko lankidetza areagotzea da, eta horre- tarako ere Lakua aldean izatea espero dute bertsozaleek.

Patxi Baztarrikak, berriz, bertsolaritza gizartearen eta hizkuntzaren «ondare garrantzitsua» dela adierazi zuen. Hizkuntza protagonista nagusi duen jolaserako eta aisialdirako ekintza dela kontuan izanik, euskara biziberritzeko eta freskatzeko egiten duen ekarria handia dela esan zuen. Euskararen «erabilera bizia» gazteen artean sustatzeko tresna bereziki aproposa dela ere nabarmendu zuen. Transmisioan bertso eskolek eta hezkuntza arautuan bertsolariek egiten duten lana goraipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo